Itxi

Ur Handitan

Ur Handitan

Ur Handitan

22:15ean

Osasun arloko profesionalak protagonista, gaurko "Ur Handitan" saioan

EITB Media

Covid-19aren pandemiaren kontrako borrokan lehen lerroan aritu diren osasun arloko profesionalei emango die hitza Xabier Madariagak aurkeztutako saioak.

0:32
Xabier Madariaga

Mediku, erizain, erizain laguntzaile, anbulantzietako gidari, ospitaleetako garbitzaile zein bestelako osasun-langileak covid-19aren pandemiaren kontrako borrokan lehen lerroan aritu dira urtebetez. Horietako askorentzat lehen lana izan da eta denei aldatu zaie jarduna zein bizitza. Gaurko "Ur Handitan" saioak osasun arloko profesionalei emango die hitza Lehen lerroan erreportajean, 22:15etik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en. 

Oihana Aldai atezain aretxabaletarra Cordobako Pozoalbensen jokatzen ari zela harrapatu zuen pandemiak. Erizaina da ofizioz, baina ordura arte ez zuen ospitale batean lan egin. Erizain falta zegoela entzun zuenean, Osakidetzarekin harremanetan jarri eta Euskal Herrira itzuli zen lanean jarduteko.

Eba Begiristain Txagorritxuko Ospitaleko garbitzaileak ez ditu inoiz ahaztuko 2020ko martxoko lehen asteetako lan egunak: kaosa zen nagusi. Lehen lanegunaren ostean, goizeko seietan, malkoak nahi gabe erortzen hasi zitzaizkion eta orduan konturatu zen, pasatako gaua lehenengoa besterik ez zela, okerrena etortzeko zegoela.

Ane Muniozguren medikuak urte oso hau emozionalki oso gorabeheratsua izan dela aitortzen du, ospitalean ahal dutena egitetik, etxean bakardade etengabe batean egoteraino. Horregatik, hasierako txaloetatik ekintzetara pasatzeko eskatzen dio gizarteari.

Miriam Prieto erizain laguntzailea da Ordiziako San Jose egoitzan. Gipuzkoako erresidentziako langile gisa greban zegoen iazko martxoan, baina zetorren egoera zein zen ikusita, greba bertan behera utzi zuten. Lehenengo olatuan, koronabirusak gogorren kolpatu zuen egoitza izan zen San Jose: 70 egoiliarretik, erdia hil ziren birusarekin.

Naia Gonzalezek erizaintza laguntzaile praktikak Zumarragako Ospitalean egin zituen. Covid gunean bere lehen lan esperientzia aberasgarria izan arren, oso gogorra izan dela dio.

Ainhoa Gaztelu-Iturri Galdakaoko Ospitaleko erizainak 20 urte daramatza kirofanoan lanean. Pandemia gurera iritsi zenean, bere lan esparrutik irten eta ZIUn lan egiteko aurkeztu zuen bere burua. Lehen olatuan logistikaz arduratu zen, baina hirugarrenean ZIU plantan egoteko deitu zuten. Beldur handiarekin baina inongo zalantzarik gabe, bertan egon da azken hilabeteetan covid-19ari aurre egiten.

Pandemia hasi zenetik urtebete pasa den honetan, Maialen Bengoetxea erizain ondarroarrak berarentzako lehenengoak izan diren denetariko lanak gauzatu ditu (PCR probak, telefono bidezko kontsultak...). Egun, txertoak jartzen ari da, pandemiarekin amaitzeko ezinbestekoa den lana. 

"Ur Handitan" gaur izango da ikusgai, 22:15etatik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.