Itxi

Ur Handitan

Ur Handitan

Ur Handitan

22:30ean

Betiko denden biziraupena izango du hizpide "Ur Handitan" saioak gaur gauean

EiTB

Belaunaldiz belaunaldi, gure auzo eta herrietako nortasuna markatu duten saltokietako batzuen iragana, oraina eta etorkizuna ezagutuko du Xabier Madariagak.

0:30
Mertzeria bat

Zabalik titulupean, saltoki historikoen eta, oro har, komertzio txikiaren biziraupena izango dute hizpide "Ur Handitan" saioan gaur gauean. Betiko dendek xarma berezia dute. Badira ehun urte baino gehiago iraun dutenak, zahar itxurari eutsiz, auzo eta herrien nortasuna markatuz. Belaunaldiz belaunaldi, inurri lana eginez, espezializazioari eutsiz, dendari asko azken tribuaren kide sentitzen dira. 

Baina etengabeko tanta-jarioan, denda historikoak bata bestearen atzetik ixten ikusten ari gara, eta horrek pena handia ematen die bizilagunei. Internet, lokalen alokairu neurrigabeak, ohitura aldaketa eta beste faktore batzuk direla medio, saltoki horien biziraupena kolokan dago. 

"Ur Handitan" denda horietako batzuetara joan zen, COVID-19aren pandemia hasi baino lehen, horien iragana, oraina eta etorkizuna ezagutzeko. Saioa eman baino egun batzuk lehenago, komertzio guztiak ixteko agindua heldu zen. Programa honetan, saltoki horiek etorkizuna epidemia baino lehen eta gaur egun nola ikusten duten jakingo dugu. 

Horrela, Donostiako Eskulanen Etxean (La Casa de las Labores izenez ere da ezaguna) izango da Xabier Madariaga, Kontxi Aldalur eta Ines Matxiarenarekin solasean. Beren arbasoek irekitako mertzeria nola garatu den kontatuko digute, baita gaur egun negozioari eusteko zer-nolako zailtasunak dituzten ere. Gainera, joskintza-dendan antolatzen diren tailerretan parte hartzen duten hainbat emakumek beren ikuspegia azalduko dute. 

Gipuzkoako hiriburua utzi gabe, Donosti liburu denda bisitatuko dute, 50 urte inguruko saltokia kudeatzen duen familia ezagutzeko. Santi Azurmendi eta Conchi Ibarrola senar-emazteek zabaldu zuten liburu denda, eta, gaur egun, Santi eta Andoni semeak eta Nuria erraina dira dendako arduradun eta saltzaile. Pasio handiz hitz egiten dute guztiek liburuez, bezeroez eta beren negozioaz.

Azpeitian hainbat dira belaunaldiz belaunaldi negozioak oinordetzan jaso dituzten familiak. Batzuek oraindik bizirik diraute, eta horietako bat da herriko erdigunean dagoen Otamendi erloju denda. 2016an denda horrek mendea bete zuen, eta, bertatik, otamenditarren hiru belaunaldi pasatu dira, baina sei belaunaldik ezagutu dute zabalik. Azken bi belaunaldietako kideekin egongo dira: 94 urteko Aurelirekin eta Jesus Otamendi ilobarekin.

100 urtetik gorako Casa Garatea Iruñeko larrutegi bakarra da. Antonio Fernandez eta Adrian semea dira ekitazio denda honen jabeak. Iruñeko erdigunean dagoen ekitazio denda Angel Garateak zabaldu zuen, eta Antonioren aitak hartu zuen negozioaren lekukoa 60ko hamarkadan. Ekitazio artikuluez gain, tailerra ere badaukate. Egun, denda historiko honen biziraupena kolokan dago; batez ere, Interneten mehatxuagatik.   

Bilboko Zazpikaleetan dago Bizkarguenaga zapata denda. Dendak XX. mendeko gerra guztiak bizi izan zituen, eta 83ko uholdeetatik ere onik atera zen. Dendak familia bereko lau belaunaldi ezagutu ditu, eta, egun, Nekane Bizkarguenagaren eskuetan dago. Beste lanbide bat izan arren, familiaren negozioarekin aurrera jarraitzea erabaki du.  

"Ur Handitan" saioaren eskutik, Zabalik erreportajea, gaur, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.