Itxi

Ur Handitan

Ur Handitan

Ur Handitan

22:30ean

Pertsonen salerosketa Nepalen, gaur gauean, 'Ur Handitan' saioan

EITB

Xabier Madariagak Nepalgo pertsonen trafikoari buruzko hainbat testigantza jasoko ditu lehen pertsonan.

0:30

Nepalen, urtero gutxienez 12.000 neska saltzen dituzte, gehienak Indiara. Azken urteetan, baina, salerosketaren moldeak aldatzen hasi dira, eta gero eta gehiago saltzen dituzte Ekialde Hurbileko herrialdeetara: Saudi Arabia, Kuwait... Xabier Madariaga kazetaria errealitate horren lekuko izango da gaurko 'Ur Handitan' saioan.

Poonam Thapak 22 urte ditu. 12 urte zituela Katmanduko jatetxe batean lanean ari zela, Indiara joatera animatu zuten gehiago irabaziko zuela esanez. Mumbaira iritsi, eta prostituzioan sartzera behartu zuten; egunean 20 bezero hartu behar izan zituen. Poonam Thaparen esperientzia, baina, ez da 'Ur Handitan' saioak lehen pertsonan jaso duen bakarra.

Nepal eta India artean ez dago mugarik, eta horrek pertsonak salerostea errazten du. Maiti Nepal gobernuz kanpoko erakundeak Thankoteko kontrolean egiten duen lana erakutsi dio Xabier Madariagari. Katmandutik Indiara doazen ibilgailu guztiak bertatik igarotzen dira, eta gobernuz kanpoko erakunde horrek banan-banan ikuskatzen ditu denak. Urteko lehen sei hilabeteetan Indiara zeramatzaten 163 neska atzeman dituzte. 'Ur Handitan' saioak aukera izan du susmagarria izan daitekeen kasu bat grabatzeko.

Nepalen grabatutako saioko bidelagun nagusia Miren Beroz hondarribiarra izango da. Duela urtebete Euskal Herriko bizitza erosoa albo batera utzi zuen eta Himalaia ondora aldatu zuen bizitokia. Katmandu ez ezik, ondo ezagutzen ditu hiriburuarekin zerikusirik ez duten herriak. "Galdetzen diezu non duten ahizpa eta erantzuten dizute duela 3-4 urte Indiara joan zela eta ez dutela haren berri", kontatu dio Xabier Madariagari pertsonen salerosketaren dimentsioa azaldu nahian.

Katmandura mendiak igotzera joaten diren euskaldunentzat erreferentea den Mikel Leizeagaren hitzetan, herriko jendea galduta egoten da Katmandura iristen denean, eta Indian soldata bikoitza eskaintzen dietenean begiak irekitzen zaizkie.

Rita Chaudhary kamlari ohia da, pertsona aberatsen etxean neskame ibilitako neskatoa. Zazpi urte zituela, lur-jabe baten etxera bidali zuten neskame. Trukean, bere familiak lantzeko lurrak jaso zituen. Ritak berak aitortu digunez, aitak esan zion kamlari gisa bidaltzea zela neba-arrebek jateko zuten aukera bakarra.

Bishow Ram Khadkak, Maiti Nepal gobernuz kanpoko erakundearen arduradunak, argi du pertsonen trafikoaren jatorrian gizonen eta emakumeen arteko desberdintasuna dagoela. Miren Berozek argi utzi nahi izan du pertsonen salerosketaren atzean ez daudela mafiak, agian komisioa kobratuko duen bat baizik: familiako bat, izeba bat...

'Ur Handitan' asteartero izaten da ikusgai, 22:30ean, eitb.eus-en eta ETB1en.