Ur Handitan
22:30ean
Ludopatiaz arituko dira gaur gaueko 'Ur Handitan' saioan
EiTB
Besteak beste, jokoaren mendekotasuna duten lagunen testigantzak bilduko ditu Xabier Madariagak.
Dena ala ezer ez izenburupean, ludopatiaz ariko dira gaur gauean 'Ur Handitan' saioan. Egun ludopatia gure gizartean oso txarto ikusita dago oraindik. Ez da gaixotasun gisa ikusten, baizik eta bizio gisa. Hori aitortzen dute behintzat programako gonbidatuek.
Galder Govillar bilbotarrak kirol apustuekiko adikzioa izan zuen orain dela sei urte. Anaia batek irabazitako 30 euroko saria kobratzera joan zenean hasi zen dena. Saria jasotzeaz gain, bertako langileek apustu nola egiten den azaldu zioten eta jokoan hasi zen. Apustu txikiak ziren hasieran, irabazi eta irabazi egiten zuen, baina galerak hasi ziren gero. Jokoa obsesio bihurtu zen dirua berreskuratzeko. Zor handia pilatu zitzaion eta kredituak eskatu behar izan zituen zorrari aurre egin ahal izateko. Dena agerian geratu zen azkenean, eta Ekintza Aluviz elkarteari esker Galderrek arazoa menperatu zuen. Egun, beste ludopata batzuei laguntzen die.
Egun batean, Esmeraldak 4 euro sartu zituen txanpon-makina batean eta 600 euro irabazi zituen. Hor hasi zen ordurako bizitzan arazo asko zituen emakume honen gainbehera. Denbora gutxian ludopatiak bere egunerokotasuna guztiz baldintzatu zuen. Ez zuen jokatu besterik egiten, gau eta egun. Beti bakarrik. Makinetan zenbat diru galdu ote duen zehatz-mehatz jakitea ezinezkoa dela dio, baina 200.000 eurotik gora izan daitezkeela uste du. Azaroan joan zen lehen aldiz elkarte batera, zulo horretatik ateratzen lagunduko zioten itxaropenarekin. Eta horretan ari da, ilusioz eta gogotsu.
Manu Egaña KirolBet apustu-etxeko Pertsona eta Antolakuntza zuzendaria da. Gizartearen gehiengoak jokoarekin harreman normalizatua duela uste du. Apustuak gustuko dituztenak ludopatiara ez heltzeko protokolo batzuk ditu KirolBetek. Adin txikikoek, besteak beste, erabat debekatuta dute apustuak egitea.
Txominek 17 urte zituen ikastolatik atera eta kuadrillarekin kirol munduko apustu-etxeetan sartzen hasi zenean. Euro bat besterik ez zuten jokatzen, futbolera normalean. Hasierako denbora-pasa hura obsesio bilakatu zen gazte honentzat, eta bere etxeko logelako bakardadean edozein kiroletara apustu egitera heldu zen. Ezin zuen beste ezertan pentsatu. Apustuak bere bizitzaren ardatz bihurtu ziren. Bere lagunek jarri zioten izena Txominek zeukan gaixotasunari. Haiei esker dago gaur egun ludopatia elkarte batean, bere gaitza osatzeko asmoz.
Unai hogei urtean ibili da ludopatiaren kontra borrokan. Egun batean, lan egiten zuen bitartean, txanpon-makinekin hasi zen jokatzen. Hasieran, bere dirua gastatzen zuen, baina bezeroen dirua xahutzen hasi zen laster. Urte asko egon zen horren katigu, eta behin baino gehiagotan utzi zion jokatzeari. Saiakera ustel batzuk egin ostean, elkarte batera eraman zuten eta erabat irauli zuen bere egoera. Egun, errehabilitazio prozesuan dago.
Ludopatiaren mundua, gaur, 22:30etik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.