Itxi

Ur Handitan

Ur Handitan

Ur Handitan

22:30ean

ETA desagertu osteko elkarbizitzaz, gaur gauean, 'Ur Handitan' saioan

EiTB

Hurrengo bi saioetako gaia izango da, 'Elkarri begira' izenburupean.

0:26

ETA desagertu osteko elkarbizitza izango da hizpide 'Ur Handitan'eko hurrengo bi saioetan. Lehenengo atala gaur gauean izango da; bigarrena, datorren asteartean, maiatzaren 15ean.

ETAren ibilbidea amaitu da, eta 'Ur Handitan' saioa Errenteriara joan da berri historiko hori nola hartu duten ezagutzera. Errenteriak iragan gogorra izan du: dozenaka atentatu, hildako, zauritu, atxilotu, torturatu... Zama astun hori lepoan eraman arren, ordea, herri aitzindaria izan da elkarbizitza eraikitzeko ekimenak antolatzen. Horregatik, elkarbizitzaz mintzatuko dira 'Ur Handitan'eko hurrengo bi saioetan parte hartuko duten lagun guztiak.

Protagonistetako bat Naiara Zamarreño izango da, ETAk hildako Manuel Zamarreño Errenteriako PPko zinegotziaren alaba. 14 urte zituen Naiarak bere aitaren kontrako atentatua egin zutenean. Gaur egun, 34 urte ditu, ama da, eta, barne prozesu luze baten ondorioz, bere esperientziaz hitz egiteko prest azaldu da.

Julen Mendoza alkatea ere elkarrizketatuko du Xabier Madariagak. Mendozak elkarbizitza eraikitzeko ekimenak sustatu ditu, eta prozesu hori nola landu den kontatuko du. 2017ko uztailean ETAk hildako PPko zinegotzien senideei "barkamena" eskatu zien publikoki Mendozak, eta "bestearen azalean jartzeko irudimena falta" izan zela onartu zuen EH Bilduko lehen ordezkaria izan zen. Horren ostean, Mendoza eta Zamarreño elkarrengana hurbildu ziren, eta 'Ur Handitan'en elkarri emango diote euren esperientziaren berri.

Beste protagonista bat Xabier Oleaga kazetaria izango da. Egin egunkariko zuzendaria eta Euskaldunon Egunkaria-ko zuzendariordea izan zen Oleaga. 2003an, Euskaldunon Egunkaria-ren kontrako operazioan, atxilotu egin zuen Guardia Zibilak Errenterian, etxean, ETAri laguntza ematea egotzita. Oleagak torturak salatu zituen. Zazpi urte geroago, 2010ean, errugabe jo zuten.

Jose Angel Rodriguez PSE-EE udal taldeko bozeramaile eta zinegotziak, berriz, Errenteriako Herriko Etxean jasan dituzten 27 erasoak gogoratuko ditu. Rodriguezek elkarbizitzaren aldeko elkarrizketetan hartu du parte.

Mikel Ugalde (Errenteria, 1940) euskaltzale eta kultur eragileak ere parte hartuko du saio honetan. Bakearen Aldeko Taldearen sustatzaileetako bat izan da Errenterian.

Imanol Aizkorreta iheslari ohiarekin ere egongo dira. 64 urte ditu eta Zamalbide Ikastetxeko irakaslea da. 1983an, bortizki torturatu zuten, eta gertaera horrek bere bizitza markatu zuen. Iparraldera egin zuen ihes, eta 20 urtez bizi izan zen Errenteriatik kanpo. 2003an itzuli zen.

Horiekin guztiekin batera, Errenteriako beste lagun batzuk ere arituko dira saioan; 10 urte zituela ETAren lehergailu baten ondorioz hankarik gabe gelditu zen Alberto Muñagorri eta Juan Carlos Merino alkate ohia, besteak beste.

Errenteriatik abiatuta, beraz, Euskal Herriko errealitate berria, gaur eta datorren asteartean, maiatzak 15, 22:30ean, 'Ur Handitan' saioan, ETB1en eta eitb.eus-en.