Itxi

Ur Handitan

Ur Handitan

Ur Handitan

22:30ean

'Itsasotarrak', gaur gauean, 'Ur Handitan' saioan

A.E.|EiTB

Hainbat kasutan lehorrean bizi arren, itsasokoak direla diote aste honetako protagonistek.

0:25

Gaur gauean, 'Ur Handitan' saioak Itsasotarrak izango ditu protagonista. Hainbat kasutan lehorrean bizi arren, itsasokoak direla diote aste honetako gonbidatuek. Itsasoa izan dute ogibide, baita bizibide ere.

Bere etxea itsasontzia dela dio Yolanda Estebanezek. Arrantzale baten alaba da, arrantzale baten arreba, arrantzale baten koinata, arrantzale baten izeba, baita arrantzale baten emaztea ere. Itsasora erabat lotuta egon da beti, eta, maite duen arren, ez dio inori desio bizitza hori.

Haren neba, Jose Luis Estebanez Moreno, arrantzalea izan da bizitza osoan, 11 urte zituenetik. Egun 71 ditu, eta, jubilatuta badago ere, askotan ateratzen da itsasora bere ontzitxoan. Uretan zegoenean, etxearen falta sumatzen zuen, baina etxean zegoenean itsasoan zuen burua askotan.

Primi eta Rufi Irigoien ahizpak nerabe zirela hasi ziren saregileen inguruan ibiltzen. Urte asko egin dituzte Irigoien ahizpek lan horretan. Eta ez da edonolako lana, telefonoak jotzen duenean lanera joan behar izaten baitute, ordua dena delakoa izanda ere. Iaz erretiratu ziren. Euren lana aitortzeari esker, hobera egin dute laneko baldintzek; hala ere, belaunaldi gazteen erreleboa oso zaila ikusten dute.

Beñat Vazquez Hondarribiko 24 urteko gaztea zuzenbide ikasketak egiten hasi zen aitaren aseguru-etxean lan egiteko asmotan. Karrerako bigarren mailan, ordea, gurasoek ezer jakin gabe, ikasketak utzi zituen eta arrantza munduan murgildu zen. Aste batzuk geroago, Seychelleetara joan zen lehenbizikoz, Bermeoko atun-ontzi batean arrantzale.

Unai Sistiaga Hondarribiko baxurako arrantzalea da. Gazte-gaztetatik oso argi zuen itsasotik bizi nahi zuela, eta hamasei urterekin hasi zen arrantzale lanetan. Orain dela hemeretzi urte, itsasontzi bat egin zuen lagun batzuekin batera, eta Itsas lagunak izena jarri zioten.

Oihana Herediak txikitatik izan du itsasoarekin lotura estua. Itsasotik gertu jaio zen, eta itsasoari begira bizi da, Pasaian. Manolo bere senarrarekin batera, 10 urtez aritu da arrantzale lanetan, eta tarte horretan bera izan da euskal kostaldeko emakume arrantzale bakanetakoa.

Itsasoko herritarren bizipenak ezagutuko ditugu, beraz, gaur, 'Ur Handitan' saioan, 22:30ean, eitb.eus-en eta ETB1en.

en.