Itxi

Ur Handitan

Ur Handitan

Ur Handitan

22:25ean

'Kataluniak hordago', gaur gauean, 'Ur Handitan' saioan

A.E.|EiTB

Gironako Empordà eskualdean egon dira Xabier Madariaga eta programako lantaldea.

0:27

Urriaren 1eko erreferendumaren atarian, Katalunian egon da 'Ur Handitan', Gironako Empordà eskualdean. Independentziaren aldekoen gotorleku horretan, prozesuari buruz duten iritzia azaldu diote kaleko herritarrek Xabier Madariagari.

Areti Gkika izango da horietako bat, Itsasondoko alkate izandako emakume greziarra. Orain dela 47 urte jaio zen Atenasen, eta herrialde batetik bestera ibili da gaztetatik: “Mexiko, Euskal Herria, Katalunia… Mundua oso zabala da, eta bizilekuak aldatzea gustatzen zait. Ezingo nuke bizitza guztia leku berean eman”.

Gaur egun, La Bisbal d’Empordà herrian bizi da Areti, eta Kataluniako gizartean gertatzen ari diren aldaketak lehen pertsonan bizitzeko aukera du. Aretiri esker, Kataluniaren eta Espainiaren arteko talka Greziako emakume nomada baten ikuspegitik ikusi ahal izango dugu.

Aretiz gain, bestelako jendea ere aurkitu du Xabier Madariagak Empordà eskualdean; Xabier Olagoitia bilbotarra, esate baterako. Gironako Rupià herriko alkatea da Xabier. Deustun jaio zen, baina munduan zehar hainbat buelta eman eta gero, 10 urte baino gehiago daramatza Katalunian. 278 biztanleko herri honetan oso pertsona estimatua da, eta urriaren 1eko erreferendumean hautetsontziak jartzeko asmoa du.

Gilem Ormazabal, berriz, Gironako Zuzenbide Fakultateko irakaslea da. Bilbon jaio zen, baina 35 urte daramatza Katalunian. Ondo baino hobeto ezagutzen du bertako gizartea, eta azken hamar urteetan “zeharo” aldatu dela uste du.

Xabier Madariagak eta 'Ur Handitan' saioko lantaldeak Katalunian pasatu dituzten egunetan urriaren 1eko erreferendumarekin lotutako hainbat ekitaldi topatu dituzte, eta kaleko jendeak independentziari buruz duen iritzia ezagutzeko aukera izan dute.

Gaur, 22:25ean, ikusi ahal izango da saioa ETB1n eta eitb.eus-en.