Itxi

Ur Handitan

Ur Handitan

Ur Handitan

22:15ean

Errepideko arriskuak hizpide, gaur gauean, 'Ur Handitan' saioan

EITB

Xabier Madariagak aurkezten duen saioak errepidera eramango gaitu bidaien arriskuak azaltzeko.

0:21

Gaur gauean, errepideak dituen arriskuez arituko da 'Ur Handitan' saioa, eta bidean arrisku horiek bizi izan dituztenen bikitima eta senideen testigantzak bilduko ditu.

2004ko abuztuaren 26a izango da abiapuntua, bizikletan zihoan Enaitz Iriondo 17 urteko durangarra auto batek hil zuen eguna. Enaitz, senitarteko eta lagunekin uda igarotzen ari zen Castañares de Riojako kanpinean ezbeharra gertatu zen egunean. Tomas Delgado errioxarrak, abiadura handia eta alkohola tarteko, ondoko herritik kanpinera iristear zegoen gaztea harrapatu eta bertan hil zuen. Guardia Zibilak oker egin zuen txostenak Enaitz jo zuen errudun, gainera, eta handik denbora batera, hiltzaileak bere autoak jasandako kalteak ordaintzeko eskatu zien Enaitzen gurasoei. Tomas Delgadok salaketa galdu zuen.

Enaitzen familiak injustizia honen aurka egindako borrokaz eta jasandako minaz arituko da Xabier Madariaga Garazi Iriondorekin, Enaitzen arrebarekin. Ezbeharrak bultzatuta, Garazi eta Rosa Trinidad, Enaitzen ama, STOP ISTRIPUAKen buru-belarri ari dira lanean bide indarkeriaren aurka. Besteak beste, errepidearen arriskuez, arrisku horiei aurre egiteko hartzen diren neurriez eta kontzientziazioaz arituko dira biekin. Bestalde, istripua izan zen tokian Enaitz gogoratzeko jarri zuten oroigarrira joango dira Rosarekin, Patxi Barayazarra Enaitzen lagun mina topatuko dute bertan, eta euren arteko harremana eta pasadizoak gogoratuko dituzte. Ondoren, Durangora itzulita, gauza bera egingo dute Hiart eta Antxon Enaitzen lehengusuekin.

Garazik bezala, Txus Jaio rally gidariak ere anaia galdu zuen. Autoa gidatzen zuen 19 urteko anaiak istripua izan zuen. Bera eta berarekin autoan zihoan laguna bertan hil ziren. Hori dela eta, bere ibilbidea eteteko zorian egon zen, baina anaiaren nahiari erantzunez, lasterketetan parte hartzen jarraitu zuen. Besteak beste, horrek lagundu dio anaiaren galerak utzitako hutsunea hein batean betetzen. Gertatutakoaz ez ezik, txapelketatik kanpo autoa hartzean dugun arduraz (edo ardurarik ezaz) arituko dira.

Zorte handiagoa izan zuen Gorka Uzkudun zarauztarrak. 25 urte zituela, abiadura handian zihoan autoan istripua izan zuenean. Zuhaitz baten kontra jo zuen eta larri zauritu zen. Hiru urte igaro dira ordutik, eta pixkanaka-pixkanaka egiten ari da aurrera. Xabier Madariagak gertatutakoaz hausnarketa egingo du Gorkarekin eta Sara amarekin, argi baitu berari gertatu zitzaionak beste batzuei laguntzeko balio dezakeela. Gainera, Gorkaren laguntzailearekin izango dira, eta horren fisioterapia saio batera joango dira.

Moto gidariek ere orduak ematen dituzte errepidean, eta benetan maite dute kilometro asko egitea batera eta bestera. Igor Jauregi da horietako bat. Denetarik ikusi du, eta istripu eta sustoren bat ere izan du. Arriskuez jabetzen bada ere, une oro horretan pentsatzen ezin duela egon esaten du. Motorrean igota, gertutik ezagutuko dute Igorren eta lagunen pasioa.

'Ur Handitan' astearteetan izaten da ikusgai, 22:15etik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.