Itxi

Ur Handitan

Ur Handitan

Ur Handitan

22:15ean

Matxismoa hizpide, gaur gauean, 'Ur Handitan' saioan

A.H. | EITB

Gizartearen alor ezberdinetan matxismoak duen eragina aztertuko du Xabier Madariagak gidatzen duen saioak.

0:24

Indarkeria matxistak azken urteetako datu okerrenak utzi ditu urteko lehen bi hilabeteetan. Espainiar estatuan, otsaila amaitu aurretik, 16 emakume hil ditu matxismoak. Zorionez, bere bizipenak kontatzeko gai izan da 'Ur Handitan' saioko gaurko ataleko lehenengo protagonista. Bikotekideaz erabat maitemindurik, bost urtez jasan zituen tratu txarrak. Sufritu arren, ezin zuen bera maitatzeari utzi. Amets gaizto horrekin amaitu eta bere bizitza nola berreraiki duen azalduko dio Xabier Madariagari.

Carolina Cristinaren bizkartzaina da. Edemm (Asociación vasca de escoltas para la detección de malos tratos a mujeres) elkartea sortu zuen berak, tratu txarrak jasaten dituzten edo mehatxupean bizi diren emakumeak borondatez babesteko.

Emakume izateak bizitzako hainbat alorretan zein eragin duen ere gertutik ezagutuko du Xabier Madariagak. Lan arloan, esaterako, Ainhoa Delgado gasteiztarrak autoen enpresa batean gizon artean lan egitean jasotako tratua edota turismo lankide batengandik jasandako jazarpena ekarriko du gogora Xabierrekin.

Kirol munduan, ordea, Ines Etxegibel errugbi entrenatzaileak esperientzia gazi-gozoa jasan zuen. Espainiako emakumezkoen errugbi entrenatzaile izatera iritsi zen, baina emakumezkoen ligak gizonezkoenak bezainbeste baliabide ez zituenez, dimititu egin behar izan zuen.

Musika alorrean ere murgilduko da 'Ur Handitan' saioa. Ines Osinaga Gose taldeko abeslariak argi du emakume izateak bere ibilbidea baldintzatu duela. Alde onari erreparatuz, badaki emakume izatea bere arma izan dela, baina, era berean, une gogorrak eragin dizkiola. Besteak beste, egiten zuena eginda ere, epaitu egin dute, eta kamerinoan beldurra sentitzera iritsi da. Rock-punk mundu hori horren herrikide Txerra Bolinaga RIP taldeko kideak ere ederki ezagutzen du. Txerrak behin baino gehiagotan ezkutatu behar izan du homosexuala dela, eta ez da eroso sentitu "rockero hegemoniko" horien artean. Haien ibilbideaz eta egoeraz hausnarketa egingo dute elkarrekin.

Gertaera horiez gain, horren agerikoak ez diren mikromatxismoek sekulako indarra dute gure gizartean. "Mikro" izanagatik ez dira axolagabeak. Hori ederki dakite Beldur Barik bideo-lehiaketa irabazi zuten Ondarroako gazteek. Haien eskutik ezagutuko dugu gazteek genero berdintasunaren inguruan duten ikuspegia.

Azkenik, gaia biribildu eta genero berdintasunaren inguruko analisia egiteko, Edurne Jabat Nafarroako Unibertsitate Publikoko soziologoarekin egongo dira.

'Ur Handitan' astearteetan izaten da ikusgai, 22:15etik aurrera, eitb.eus-en eta ETB1en.