Txoriene
Gastronomia
Mallabiko Trabakua Behekoa jatetxea, aste honetako 'Txoriene'n
Jatetxean dastatu daitezkeen platerak prestatuko dituzte Pili Manterolarekin. Tradizioa eta modernotasuna batzen dituen sukaldaritza landuko dute.
-
Imanol Mugerza eta Mikel Barruetabeña
Mallabiko Trabakua Behekoa jatetxeko Imanol Mugarza eta Mikel Barruetabeña izango dira aste honetako Txoriene saioan gonbidatu. Jatetxe horretan dastatu daitezkeen platerak prestatuko dituzte Pili Manterola aurkezlearekin. Tradizioa eta modernotasuna batzen dituen sukaldaritza lantzen dute bertan.
Imanol Mugerza Mallabiko Trabakua Behekoa jatetxeko jabea da. 1928an ireki zuen bere familiak jatetxea, eta 2013an berak hartu zuen jatetxearen gidaritza. Ingurugiro paregabean dago kokatuta, Trabakua gainean (Mallabia), euskal itxura tradizionaleko baserri eraberritu batean. Mikel Barruetabeña 20 urteko gaztea da sukaldeko burua, eta aire berria eman dio Trabakua Behekoa jatetxeari.
Jatetxeko kartan eta menuetan eskaintzen dituzten hainbat plater prestatuko ditu aste honetan Mikel Barruetabeñak, Imanol Mugerzaren ikuskaritzapean.
Astelehenean, olagarroa plantxan edo txingarretan, patata kremarekin, eta azpizuna plantxan, onddo kremarekin eta bi eratan prestatutako patatekin; asteartean, arrain zopa eta ahate konfita, mertxika purearekin, patata eta ezkaiarekin, eta Pedro Ximenezen erredukzioarekin; asteazkenean, pluma iberikoa eta patata, urdai eta gazta pastela, sagar marmeladarekin, eta tostada karamelizatua izozkiarekin; ostegunean, pistoa, Idiazabal krema eta intxaurrekin, eta labean egindako gazta tarta; ostiralean, gula eta otarrain txikien entsalada epela eta bi miniatura: datil eta urdai broxeta, sesamo haziekin, eta barazkitxo eta otarrainxken zakutxoa, pikillo piperren emultsio gainean.
Horiek, beraz, 'Txoriene' ETB1eko sukaldaritza saioan aste honetan, astelehenetik ostiralera, 15:00etan, ikus ditzakegun errezetak.