Itxi

Txoriene

Txoriene

Txoriene

Txoriene

Tiburcio jatetxeko Tibur Eskisabel, 'Txoriene'n

Sukaldari berri baten bisita jasoko du 'Txoriene'k. Donostiako Tiburcio jatetxeko Tibur Eskisabel gerturatuko da ETB1eko saiora. Xuban Intxaustiri bere plater goxoenak prestatzen erakutsiko dio.

  • Tibur Eskisabel

    Tibur Eskisabel

Donostiako Tiburcio jatetxea oso ezaguna da Gipuzkoako hiriburuan. 1929an ireki zituen ateak, eta hiriko Alde Zaharrean dago. Bertako sukaldaria da Tibur Eskisabel, eta, bere lantaldearekin batera, euskal sukaldaritzako plater goxoak prestatzen dizkie bertara joaten direnei. Jatetxeko kartaz gain, tabernan dastatu daitezkeen pintxoak ere oso ezagunak dira bai donostiarren artean eta bai atzerritarren artean ere.

Tibur Eskisabelek Donostiako Torre Satrustegi sukaldaritza eskolan egin zituen ikasketak. 1984an amaitu zituen, eta ordutik sukaldean aritu da lanean Euskal Herrian zein Euskal Herritik kanpo. Besteak beste, Züricheko Bel Canto jatetxean aritu da, operako jatetxean hain zuzen ere. Era berean, La Ventana jatetxeko sukaldean ere aritu da. Horren benetako etxea, baina, Tiburcio jatetxea da, eta bertan garatu du bere ibilbidea. Bertako sukaldean, Tibur Eskisabelek eta taldekideek garaian garaiko produktuak erabiltzen dituzte, kalitatea beren ardatz nagusi bihurtuta.

Xuban Intxaustik aurkezten duen 'Txoriene' saioan bere jatetxeko hainbat plater prestatuko ditu Tibur Eskisabelek. Astelehenean, foie micuita eta bakailao kokotxak prestatuko ditu; asteartean, mamiz eginiko sorbetea eta begi handiak bere tintan egingo ditu; asteazkenean, gazta entsalada eta bisigua labean maneiatuko ditu; ostegunean, onddoz eta otarrainxkaz beteriko hostopila eta urraburua papillote eran; eta, azkenik, ostiralean, foiez betetako mizpirak porto saltsarekin eta gazta gutizia karamelu saltsarekin prestatuko ditu.