Itxi

Txoriene

Txoriene

Txoriene

Txoriene

Belaustegi jatetxeko Josu Mugerza, 'Txoriene'n

Elgoibarren dago Josu Mugerzaren Belaustegi baserri-jatetxea. Munduan ikasitako platerak dastatu daitezke han eta horietako batzuk egiten erakutsiko digu 'Txoriene' saioan.

  • Josu Mugerza | Txoriene

    Josu Mugerza, Belaustegi jatetxekoa

Elgoibarko Belaustegi jatetxeko nagusiak, Josu Mugerzak, Xuban Intxaustik gidatzen duen 'Txoriene' saioan parte hartuko du. 14 urterekin murgildu zen Josu sukaldaritzaren munduan eta ordutik ez da gelditu. Herrialde ezberdinetako jatetxeetan izan da eta orain, bere jaiotetxean, Belaustegi baserrian, jatetxea du. Urte hauetan guztietan ikasitakoa bere jatetxean plazaratzen du.

Urola jatetxean hasi zen lanean Josu. 14 urte zituen eta lehen irakasleak Arantxa Arzollas eta Pedro Agirre izan zituen. Lau urteren buruan Elgoibarrera itzuli zen Gorbea jatetxean aritzera. Garai horretan ezagutu zuen Luis Irizar sukaldaria, bere benetako maisua. Irizarren eskutik Madrilera salto egin zuen Josuk. Basque eta Irizar jatetxeetan aritu zen lanean hainbat urtez, beti ere Irizarren gidaritzapean.

Ordutik, 'Txoriene'n izango dugun sukaldaria ez da gelditu. Munduko hainbat txokotan izan da lanean, hala nola Japonian, Valentzian eta Puerto Vallartan (Mexiko). Madrilen beste denboraldi bat igaro ostean, etxera itzultzea erabaki zuen bere betiko ametsa betetzera: Belaustegi baserria, familiaren baserria, jatetxe bihurtzeko ametsa. 1999 urtean lortu zuen ametsa aurrera eramatea eta jatetxearen ateak ireki zituen. Bertan dastatu daitezke munduan zehar ikasitako plater eta teknikak.

Xuban Intxaustik aurkezten duen saioan plater horietako batzuk prestatzen erakutsiko digu:

- Barbarie ahatea txingarretan errea, gereziekin.

- Izokin keztatutako gutiziak, ahuakate, otarrainxka eta gari-zainzuriekin eta albaka-oliotan egindako berakatz-gulekin.

- Otarrainxkak pasta txinatarrean bilduak eta barazkiekin frijituak, saltsa teriyakirekin eta gazi-gozoarekin.

- Berdel tartarra, lima, soja eta wasabidun ozpin-oliotan, soja eta banbu kimuekin.

- Esne-krema perretxiko karamelatuekin.

- Zezen buztan erregosia, Arabako Errioxako ardo beltzetan, patata gainerrearekin eta bere zukuarekin.

- Sagar-likoredun foiezko terrina, banana frijituarekin, errege-sagarrezko konpotaren gainean.

- Barazki eta fruta zopa, mandarinazko sorbetearekin eta zitrikoen saltsarekin.

- Kuskusa, barazki, guacamole eta otarrainxkekin, eta mandarinazko ozpin-olioarekin.

- Mausitxa gazta, irasagar-kremarekin eta intxaurrekin.