Miniaturak
Baratxuriak konfitatu
Baratxuriak zuritu ondoren, kazo txiki batean jarriko ditugu. Oliba olioarekin ongi estali eta 75-80 gradutan konfitatu 45 minutuz. Olioari burbuilatxoak atera dakizkioke baina ez diogu utziko kerik ateratzen.
Arroz gailetatxoak
Alde batetik, arbendolak robotean birrinduko ditugu, irin bihurtu arte; eta, bestetik, zuringoa katilu batean irabiatuko dugu.
Ondoren, ontzi sakon batean osagai guztiak batuko ditugu: arroz integrala, ogi birrindua, arbendol birrindua, olo irina, gatza, oliba olioa eta zuringoa. Dena ongi oratu eta bola bat egin behar da.
Orea paper sulfurizatuan zabaldu behar dugu; arrabolaren laguntzarekin egin dezakegu. Gaineko paper sulfurizatua kendu eta labeko erretiluan jarri. Labea 180 °C-an berotzen jarri, goi eta behe. Orea pastak egiteko moldearekin moztu, nahieran, eta erretiluan zabaldu. Ondoren, laberatu eta bi aldeetatik ongi gorritzen diren arte egosi.
Eginda daudenean labetik atera eta parrilla baten gainean utzi kurruskari egoteko.
Orburu patea
Ontzi sakon bat ur hotz-hotzez bete. Limoia erdibitu eta orburuak zuritu ahala, orburu-bihotzak limoiarekin igurtzi. Segidan, orburuak uretan murgildu.
Eltze batean ura irakin eta orburuak 20 minutuz egosi. Segidan, sukaldeko paperaren gainean ahuspez jarri, txortena goraka.
Orburuak epeldu direnean, irabiagailuaren ontzi batean orburuak, gazta urdina, 3-4 baratxuri konfitatu, oliba olioa (nahi bada baratxuri konfitatuen olioa), gatza eta piperbeltza batu eta purea egin arte irabiatu. Haritxoak kentzeko, iragazkitik pasatu.
Zerbitzatu
Platertxo batean arroz gaileta batzuk ilaran ipini, eta alboan, katilukadatxo bat orburu patearekin, dip moduan.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa