Miniaturak
Samosa orea
Irina eta gatza katilu batean jarriko ditugu, sumendi itxura emanez. Olioa erdian bota eta pixkanaka nahasten hasiko gara. Jarraian, ura gehituko dugu, eta eskuekin lantzen jarraituko dugu, 5-10 minutuz, ore fin eta homogeneo bat lortu arte. Plater bat olioarekin busti eta gainean jarri orea. Sukaldeko plastikoarekin batu eta utzi pausatzen, betegarria eginda eduki arte.
Betegarria
Haragi xehatua, gatza, masala espezia eta ozpina katilu batean jarri eta eskuekin ondo nahasiko dugu. Tipula txiki-txiki moztu eta erregosten jarriko dugu zartagin batean olio pixka batekin. Bitartean, piper berdea era berean moztu eta tipulari gehituko diogu. Jarraian, piperminarekin gauza bera egingo dugu, eta dena batera erregosten jarriko dugu.
Barazkiak erregosi direnean, haragi xehatua gehitu eta hau ere ondo erregosiko dugu. Haragia gorritu denean, ura gehitu, irakiten jarri eta pare bat minutuz, su bizian utziko dugu murrizten. Gatzez ondu eta epeltzen utzi.
Koko chutneya
Osagai guztiak irabiagailuaren ontzian jarriko ditugu, uraren erdia izan ezik, eta irabiagailuarekin birrindu. Jarraian, ura gehitzen eta birrintzen jarraitu saltsa lodi bat lortu arte. Gorde geroko.
Amaiera
Egindako samosa orea 6 zati berdinetan banatu eta bakoitzari pilota forma emango diogu. Jarraian, mahaia irineztatu eta arrabolaren laguntzarekin fin-fin zabaldu behar da pilota bakoitza. Lortutako taloa erditik moztu eta erdi baten punta orearen erdira ekarri. Ondoren, beste erdiarekin berdina egin. Bi erdi horietako baten izkina urarekin busti eta itsatsi. Hortik poltsatxo bat aterako zaigu. Betegarria sartuko dugu, hiru laurden bete arte. Poltsatxoaren izkinak urarekin umeldu eta ondo itxi.
Poltsa guztiak eginda ditugunean, olio berotan frijitu eta zerbitzatu chutneyarekin lagunduta.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa