Itxi

Miniaturak

Miniaturak

Miniaturak

Otarrainxka gabardinadunak
Otarrainxka gabardinadunak
Osagaiak
  • Otarrainxkak, 24
  • Gatza
  • Ekilore olioa frijitzeko
  • Patata gabardina egiteko:
  • Patata handi bat
  • Arrautza 1
  • Arto malutak edo corn flakes, katilukada 1
  • Gabardina beltza egiteko:
  • Arrautza baten gorringoa
  • Gari irina, 70 g + 30 g otarrainxkak pasatzeko
  • Gaseosa (hotz-hotza), 60 ml
  • Txipiroien tinta beltza, kafeko koilaratxo 1
  • Gatza
  • Brick gabardina egiteko:
  • Brick edo filo pasta, 2
  • Porru 1
  • Martorria
  • Saltsa gezamina egiteko:
  • Ketchup saltsa, 2 koilarakada
  • Mandarina baten zukua
  • Soja saltsa edo 'coconut aminos' saltsa, 30 ml
  • Ura, 200 ml
  • Arto almidoia, koilaratxo 1
  • Ozpina, 2 koilarakada
  • Tabasko tanta batzuk
Prestaketa

Lehendabizi otarrainxkak zurituko ditugu isatsaren punta kendu gabe; hestea kendu eta hozkailuan gorde.

Gabardina beltza

Ontzi sakon batean arrautzaren gorringoa, irina, gatza, txipiroien tinta eta gaseosa nahasiko ditugu, ore homogeneo bat lortzen dugun arte. Ontzia plastiko filmarekin tapatu eta hozkailuan 30 minutuz pausatzen utzi.

Patata gabardina

Patata zuritu eta hortz bereziak dituen azal-kentzekoarekin patata tallarin moduko xerrak atera. Atera ahala, plater baten gainean zabaldu, norabide berean.

Patata-zerrendatxo bat mahai gainean jarri eta otarrainxka berarekin bildu. Zortzi otarrainxkak gabardina honekin bilduko ditugu.

Arto malutak robotaren edo arrabolaren laguntzarekin xehatuko ditugu. Arrautza ontzi batean kraskatu eta irabiatu ondoren, patatarekin bildu dugun otarrainxka bertan busti eta arto maluta xehatuan birrineztatuko dugu.

Hozkailuan gorde.

Filo gabardina

Porruaren alde zuria moztu, garbitu eta juliana finetan moztuko dugu.

Filo pasta laurdenetan moztuko dugu. Guztira 4 laurden behar ditugu. Pasta bakoitzaren azpiko aldean otarrainxka bat jarri, pare bat hatz gorago, isatsa kanpoan dutela.

Otarrainxkaren gaineko aldean porru eta martorri hosto batzuk jarri eta filo pastarekin bildu (aurrena otarrainxkaren azpiko pastarekin otarrainxka eta barrubetea bildu eta ondoren, isatsaren kontrako aldeko pasta barrurantz itxi. Segidan, otarrainxkari goraka bueltak emanez bildu. Hatzak uretan busti eta irekiera zigilatu).

Saltsa

Arto almidoia 50 ml uretan disolbatu. Gainerako osagai guztiak kazo batean irakiten jarri eta lehen irakinaldian, arto almidoiaren nahaskia erantsi. Sendotzen den arte koilara baten laguntzarekin eragin. Ontzi batera atera eta hozten utzi.

Gabardinak frijitu

Kazo zabal batean ekilore olioa ongi berotu. Patata gabardinako eta filo gabardinako otarrainxkak frijitu lehenik. Atera ahala, sukaldeko paperaren gainera atera gehiegizko olioa xukatzeko.

Tenpura beltza hozkailutik atera eta koilara baten laguntzarekin buelta batzuk eman.

Gelditzen diren 8 otarrainxkak irinetatik pasatu, gehiegizko irina kentzeko astindu eta banaka-banaka tenpuratik pasatu ahala, oliotan frijitu. Atera ahala, sukaldeko paperaren gainera atera.