Miniaturak
Kruxpeten orea egiteko ogi-mamia beratzen jarri behar dugu lehenik. Honetarako, ogiari mamia kendu eta uretan bigunduko dugu. Ogiaren azalarekin ogi birrindua egingo dugu. Honetarako, labean txigortuko dugu eta hozten denean, robotarekin birrinduko dugu.
Ogi-mamia biguntzen denean, feta gazta mamurtua, 2 arrautzen gorringoak, tomate lehorrak zatituta, baratxuri lehorra, oreganoa, gatza eta piperbeltza erantsiko dizkiogu.
Jarraian, koilara baten laguntzarekin dena ongi nahasiko dugu.
Bestalde, zuringoak gatz apur batekin harrotuko ditugu. Harrotzen direnean, aurreko nahaskiari gehituko dizkiogu eta mugimendu inguratzaileen bidez dena nahasiko dugu. Orea arinegi badago, ogi birrindu gehiago botako diogu, nahi dugun sendotasuna lortu arte.
Segidan, eskuekin bolatxo formak egin eta kruxpetak ekilore oliotan frijituko ditugu, eta atera ahala, sukaldeko paperaren gainean jarriko ditugu soberako olioa xukatzeko. Denak frijitzen ditugunean, plater zabal batean jarriko ditugu mahaira ateratzeko.
Bestalde, oliba saltsa egiteko, olibak eta olioa irabiagailuarekin birrinduko ditugu eta katilutxo batean ipiniko dugu kruxpetak bustitzeko.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa