Itxi

Miniaturak

Miniaturak

Miniaturak

Zainzuriak ziazerbaz eta ganbaz beteta
Zainzuriak ziazerbaz eta ganbaz beteta
Osagaiak
  • 10-12 kalibre handiko zainzuri (ontziratutakoak)
  • Ziazerba freskoak, 500 g
  • 12 ganba
  • Tipula fresko bat
  • Irina, 60 g
  • Maizena, 25 g
  • Esnea, 500 ml
  • Oliba-olioa
  • Gatza
  • Intxaur muskatua
  • ARRAUTZEZTATZEKO:
  • Irina
  • Arrautza bat
  • Ekilore-olioa, frijitzeko
  • Saltsa egiteko:
  • Esne-gaina, 300 ml
  • Zainzurien ura
  • APAINTZEKO:
  • Ziazerba hostoak
  • Oliba-olio birjina
Prestaketa

Lehenik eta behin, zainzurien betegarria egiten hasiko gara.

Honetarako, ziazerbak garbituko ditugu eta ziazerbak oso handiak badira, hostoak zurtoinetik banatuko ditugu. Jarraian, eskukada eder bat ziazerba apartatuko ditugu eta gainontzekoak uretan galdarraztatuko ditugu. Ondoren, iragazi eta epeltzen utzi.

Tipula freskoa xehe-xehe txikituko dugu, ahalik eta zati txikienetan.

Ganbak zuritu, bizkar-gaineko zikina kendu eta zati txikitan zatituko ditugu denak. Zartagin batean txorrotada bat oliba-olio eta koilarakada bat gurin jarriko ditugu berotzen. Jarraian, ganba zatiak gorritzen jarriko ditugu bertan, minutu batez, eta azkar batean bitsadera baten laguntzarekin platera batera aterako ditugu ganbak.  

Segidan, sua itzali gabe, zartagineko koipean bertan tipula xehea erregosiko dugu gatz apur batekin.

Tipula erregosi denean, irina eta maizena gehituko dizkiogu eta mihi baten laguntzarekin buelta batzuk emango dizkiogu, dena ongi nahasteko.

Ondoren, apurka-apurka esnea erantsiz joango gara bexamela egiteko.

Bexamela egin denean, galdarreztatuak genituen ziazerbak, gorritu ditugun ganbak, gatza eta intxaur muskatua gehituko ditugu. Buelta batzuk eman eta nahaskia gurinarekin igurtzia izango dugun kristalezko ontzitxo batera aterako dugu.

Segindan, azkar batean, film plastiko zati bat jarriko diogu ziazerba bexamelari, egin ohi zaion gaineko geruza saihesteko. Epeltzen utziko dugu.

Bitarte horretan, alde batetik, eltze batean zainzurien ura eta esne-gaina loditzen jarriko ditugu.

Bestetik, zainzuriak liburu baten antzera irekiko ditugu laban baten laguntzarekin. Honetarako, labanaren punta sakonegi sartu gabe, zainzuriak puntatik zurtoineraino luzetara ebakiko ditugu.

Ziazerba-bexamela gozogintzako mahuka batean sartu eta zainzuriak beteko ditugu.

Jarraian, zainzuri beteak irinetatik eta arrautzetatik pasa (arrautzeztatu) eta ekilore-oliotan frijituko ditugu. Frijitu ahala, sukaldeko paperaren gainean ipiniko ditugu xukatzen.

Bukatzeko, aparte utzi ditugun ziazerbak “txip” erara frijituko ditugu, oliba oliotan.

Platera zerbitzatzeko, bi zainzuri bata bestearen ondoan ipini, esne-gain kremarekin inguratu eta zainzurien gainean ziazerba-txip batzuk jarri.