Itxi

lehenengoak

lehenengoak

Lehenengoak

Zaalouk (alberjinia entsalada magrebtarra)
Zaalouk (alberjinia entsalada magrebtarra)
Osagaiak
  • Alberjinia, 2 ale
  • Tomatea, 2 ale
  • Baratxuri-atalak, 2 ale
  • Perrexila, eskukada bat
  • Piperrautsa, koilarakada txiki bat
  • Kumino hautsa, koilarakada txiki bat
  • Pipermin ketu pixka bat
  • Gatza
  • Oliba olio birjina
  • Kesra ogia egiteko:
  • Gari irina, 250 g
  • Gari semola, 250 g (+ beste 50 g gero luzatzeko)
  • Oliba olioa, 60 g
  • Gatza, koilarakada txiki bat
  • Ur epela, 150 g
  • Ekilore olio pixka bat
Prestaketa

Labea berotzen jarri  210º-an grill eran. Hartu alberjiniak, eta sardexka baten laguntzarekin zulatu alde bakoitza 3 bat aldiz. Oliba olioarekin igurtzi, gatz pixka bat gainetik bota, eta labean erre 20 bat minutuz.

Moztu tomateak laukitan, eta su bizian salteatu zartagin batean, oliba olio pixka batekin. Txikitu baratxuri-atalak, eta gehitu tomateari espezieekin batera. Alberjiniak eginda daudenean, zuritu, laukitan moztu, eta gehitu zartaginean dugunari. Sua jaitsi, eta utzi dena egiten 15-20 minutuz krema leun bat izan arte. Atera, eta utzi epeltzen.

Bitartean, ogia egiten joango gara; horretarako, katilu handi bat hartuko dugu, eta bertan, irina, semola eta gatza nahasiko ditugu. Sumendi antzeko bat egingo dugu, eta erdian oliba olioa bota ondoren, eskuekin nahasten hasiko gara. Pixkanaka ura gehitzen joango gara, eskuetan itsasten ez den ore uniformea izan arte. Trapu batekin estali, eta utzi pausatzen 20 minutuz.

Moztu ogiaren orea bitan, eta lan-mahaia semolarekin hautseztatu ondoren, luzatu bertan ogiak talo lodi itxura emanaz. Igurtzi zartagin bat ekilore olio pixka batekin, sutan jarri, eta bertan jarriko dugu ogi bat. Ogia zartaginean daukagun bitartean, alde bat sardexka batekin zulatuko dugu. 2 minutu pasa ondoren, buelta eman, eta beste bi minutuz egiten utzi ondoren, atera, eta erabili lagungarri gisa entsaladarekin jateko.