lehenengoak
Barazkiak landu
Baratxuria eta tipula zuritu ondoren, xehe-xehe moztu. Azenarioa zuritu, eta dadotxotan moztu. Porrua garbitu, eta zati txikitan moztu. Patatak garbitu, eta laurdenetan moztu. Kale hostoak garbitu, zurtoina kendu eta julianan moztu. Apioa garbitu, hari zatarrak kendu eta dadotxotan moztu.
Saltxitxak frijitu
Saltxitxak zatitan moztu eta hauek, zartagi batean, arin-arin frijitu. Egiten direnean, koipea ongi kentzeko, sukaldeko paperaren gainera atera.
Barazkiak erregosi
Eltze sakon batean, txorrotada bat oliba olio berotzen jarri, eta barazkiak gatz apur batekin ordena honetan erregosi: baratxuria, tipula, porrua, apioa eta azenarioa.
Segidan, arto almidoia gehitu, eta koilararekin ongi nahasiko dugu (roux moduko bat egin).
Oilasko salda gehitu, eta 10 minutuz egosten utzi.
Denbora horren ostean, saltxitxa frijituak, kale aza, esne-gaina, parmesano birrindua, gatza eta piperbeltza erantsi, eta beste 15 minutuz egosten utzi.
Patatak eta hirugiharra
Zartagi batean, olioa berotu, eta patata zatiak bertan erregosi. Egiten direnean, bitsaderaren laguntzarekin atera, olioa ongi xukatu, eta erdiak zopari gehitu. Beste erdiak platera apaintzeko gorde.
Hirugiharra zartaginean txigortu.
Azkenik, parmesano gazta zatiari lauzak atera. Zuritzaile batekin egin dezakegu.
Zerbitzatu
Plater edo katilu sakon batean, zopa zerbitzatu, eta erdian, hirugiharra, parmesanoaren lauzak eta aparte utzi ditugun patatak ipini.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa