lehenengoak
Kardua prestatu.
Ontzi sakon batean ura eta izotza jarri.
Kardua uretan garbitu, zuritu, hariak kendu eta zatitan moztu.
Zatiak moztu ahala, ez herdoiltzeko ura eta izotzetan sartu.
Eltze sakon batean ura irakiten jarri eta urak irakiten duenean, kardua sartu.
2-3 minutuz galdarraztatu eta kardua iragazi.
Eltze azkarrean ura, gatza, limoi tanta batzuk eta kardua jarri, eta 25 minutuz egosi.
Egiten denean, plater batean sukaldeko papera jarri eta kardua bertan xukatu.
Orburuak prestatu.
Ontzi sakon batean ur hotza ipini.
Orburuei hostoak kenduz bihotza atera, erditik moztu eta limoi erdi batekin igurtzi ez herdoiltzeko.
Eltze batean ura berotzen jarri eta irakiten duenean, orburuak bertan 15 minutuz egosi.
Egiten direnean, plater batean jarrita edukiko dugun sukaldeko paperaren gainera atera xukatzen joateko.
Bruselako azak, azenarioak eta brokolia lurrunetan kozinatu.
Bruselako azei zurtoina kendu, kanpoko hosto zakarrak kendu eta silikonazko lurrungailu batean sartu.
koilarakada ur bota gainetik eta mikrouhin labean potentziarik altuenean 4 minutuz kozinatu.
Atera, buelta batzuk eman eta beste 4 minutuz kozinatu.
Bien bitartean, azenarioak zuritu eta makilatxotan moztu (hobe makilatxo lodiak badira)
Silikonazko lurrungailuan sartu, 4 koilarakada ur gehitu eta 5 minutuz mikrouhin labean kozinatu Bruselako azaren antzera.
Bukatzeko, brokoliari loretxoak atera, garbitu eta aurreko barazkiekin egin dugun prozedura bera jarraitu, baina 3 minutu nahikoak izango dira.
Saltsa egin:
Baratxuriak zuritu, erdiko zurtoina kendu eta irabiagailuko ontzi batean sartu.
Intxaur olioa eta antxoak gehitu, eta pasta bat egiten den arte irabiagailuarekin birrindu.
Egin berri dugun pasta kazo batean berotzen jarri, su txikian, gurina gehitu eta bueltak emateari utzi gabe, 2-3 minutuz kozinatu edo kolorez aldatzen hasten den arte.
Segidan, esne-gaina gehitu, gatza bota (behar badu), eta nahi bada piperbeltza gehitu.
Su oso txikian emeki-emeki kozinatu (kontuz, moztu egingo zaigu bestela) saltsa sendotu arte.
Saltsa egiten den bitartean (nahi bada) kardua eta orburuak aberastuko ditugu.
Horretarako, zartagin bat ongi berotu, oliba olio txorrotada fin bat gehitu eta orburuak bertan markatuko ditugu, zarakar txiki bat egiten zaien arte.
Karduaren kasuan, zartagin batean oliba olio txorrotada eder bat berotzen jarri, pinazi batzuk bertan gorritu eta kardua bertan salteatu arin-arin. Sua itzali eta perrexil xehatua gehitu diezaiokegu.
Zerbitzatu.
Plater zabal batean barazkiak txukun zerbitzatu, eta erdian, ontzi apain batean, saltsa jarri barazkiak bertan bustitzeko.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa