Itxi

lehenengoak

lehenengoak

Lehenengoak

Itsaski krema berezia
Itsaski krema berezia
Osagaiak
  • Itsas-zapo 1 (erraziokoa)
  • Ganbak, 12
  • Txipiroiak, 6
  • Porru 1
  • Tipulin 1
  • Perrexil sorta 1
  • Baratxuriak, 2
  • Pipermorro 1
  • Arbendolak, 30 g
  • Baserriko ogia, xerra 1
  • Piper txorizero krema, kafeko koilaratxo 1
  • Tomate birrindua, edalontzi ½
  • Arroza, 50 g
  • Pattarra, 50 ml
  • Azafrai hari batzuk
  • Iltze 1
  • Ura, 2 l
  • Gatza
  • Oliba olioa
  • Esne-gaina
  • HORNIGAI GISA
  • Gurinezko hostore xafla bat (hostore ogi-txigorkiak egiteko)
  • Arrautza 1
  • Erromero hosto batzuk xehatuta
Prestaketa

Zapoari solomoak atera eta hozkailuan gorde. Hezurrak salda egiteko baztertu. Otarrainxka eta izkiratzarrak zuritu eta buruak eta oskolak salda egiteko baztertu, haragia hozkailuan gorde. Txipiroiak garbitu eta laurdenetan moztu.

Baratxuriak zuritu eta zartagin batean oliba olio zorrotada eder batean gorritu, bere horretan, osorik. Gorritzean, atera eta arbendolak gorritu. Segidan, arbendolak atera eta ogi xerra bertan txigortu. Segidan, oliotan gorritu ditugun 3 osagaiak motrailean jarri, azafraia gehitu, piper txorixero krema gehitu eta pasta bat egiten den arte zapalduko/birrinduko dugu. Porruak, azenarioak eta tipula zuritu eta zatitu. Eltze sakon batean, oliba olioa berotu eta otarrainxken eta izkiratzarren buruak eta oskolak bertan gorritu. Ongi gorritzen direnean, pattarra gehitu eta flambeatu.

Segidan, motrailuan egin dugun olio-erre pasta gehitu eta buelta batzuk eman ostean, barazkiak eta iltzea erantsiko ditugu eltzera. Gatzez ondu, bi-hiru minutuz izerditzen utzi eta segidan, tomate birrindua, arroza, zapoaren hezurrak eta txipiroi zatiak gehituko ditugu. Jarraian, ura gehitu eta 30-40 minutuz su ertainean egosi. Egiten denean, irabiagailuarekin birrindu eta beste eltze batetara iragazi. Gatzez ondu, esne-gaina gehitu eta gordeta genituen zapoa, otarrainxka eta izkiratzarrak xehe-xehe moztu ondoren, kremari gehitu.

Zaporeak elkartzeko beste 5 minutuz egosten utziko dugu. Hostore ogi-txigorkiak egiteko, labea 200 °Can berotzen jarri goitik eta behetik eta labeko erretiluaren gainean paper sulfatatua jarri. Segidan, hostore xafla zabaldu, arrautzarekin margotu eta nahieran moztu: laukitxotan, pasta-moztailearekin borobiltxotan…

Moztu ondoren, labeko erretiluan zabaldu, erromero hostoekin hautseztatu eta 12 minutuz laberatu edo altxatu eta gorritzen diren arte.

· Platerean jarri:

Platera sakon batean krema zerbitzatu eta gainetik hostore ogi-txigorki batzuk jarri.