lehenengoak
Tomate-saltsa egiteko, barazkiak xehe-xehe moztu eta zartagian erregosten jarriko ditugu orden honetan: baratxuria, tipula, porrua, apioa eta azenarioa.
Gatzez ondu eta 10-12 minutuz erregosten utziko ditugu.
Bien bitartean, udare tomateak dadotxotan moztuko ditugu. Jarraian tomatea zartagira gehitu, tomate konzentratua, ziropa eta gatza erantsi eta 30 minutuz egosten utziko dugu, saltsa ongi murrizten den arte.
Conchiglien barrubetea egiteko, tipulinak zuritu, xehe-xehe moztu eta zartagian erregosten jarriko ditugu.
Erregosten direnean, oilasko haragia erantsi, gatzez ondu eta haragia ongi egiten den arte erregosiko dugu.
Ziazerbak garbitu eta Julianan moztuko ditugu. Segidan, haragiari erantsi, buelta batzuk eman, ardo zuria gehitu eta 3-4 minutuz su bizian erregosten utziko dugu.
Esne-gaina eta oilo salda gehitu eta 10 minutuz murrizten utziko dugu.
Conchiglieak egosi. Poltsan iradokitzen duen denbora baino 2 minutu gutxiago. Egiten direnean uretatik atera eta ura xukatzen utzi.
Tomatea birrindu eta iragazi.
Zartagiko barrubetea sutatik atera eta epeltzen utzi.
Mozzarela eta ricotta gazta mamurtu eta zartagiko barrubeteari erantsi.
Labea 200 °Can berotzen jarri.
Labeko erreteilu batera tomatea isuri eta ongi zabaldu.
Conchiglieak, koilaratxo baten laguntzarekin, barrubetearekin bete eta, egin ahala, tomate saltsaren gainean jarri, zutik, irekiera gora begira duela.
Erreteilua osatzean parmesano gaztarekin hautseztatu eta 10 minutuz labean egin.
Azken 2 minututan gratinadorea jarri eta goritu.
Labetik atera, albaka hostoak zatitu eta honekin apaindu.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa