Itxi

lehenengoak

lehenengoak

Lehenengoak

Ravioli beteak ganba saltsarekin
Ravioli beteak ganba saltsarekin
Osagaiak
  • Ravioli pasta egiteko
  • Irina, 200 g
  • Arrautzak, 2
  • Betegarrirako
  • Arrain egosia, 400 g (lupia, zapoa, urraburua, …)
  • Ricotta gazta edo gaztanbera, 80 g
  • Limoi erdiaren azala birrinduta
  • Albaka hostoak, 6 ale
  • Oliba olioa
  • Gatza eta piperbeltza
  • Saltsa egiteko
  • Ganba edo otarrainxkak, 6 ale
  • Kuiatxo txiki bat
  • Apio adar bat
  • Tipula bat
  • Tomate pare bat
  • Albaka eskukada erdi bat
  • Oliba olio birjina
  • Gatza eta piperbeltza
Prestaketa

Pasta egiteko, katilu batean irina jarri eta sumendi baten itxura emango diogu. Arrautzak beste katilu batean irabiatu eta sumendiaren zuloan bota ondoren, atzamarrekin dena nahasten eta lantzen hasiko gara ore uniforme bat izan arte (5-10 minutu landuta).  Sukaldeko plastikoarekin bildu eta 30 minutuz pausatzen utziko dugu.

Bitartean, arrain egosia txiki-txiki moztu labanarekin eta gaztarekin, limoi azalarekin eta albaka hosto txikituekin nahasi. Oliba zorrotada bat bota, gatzez eta piperbeltzez ondu, jarri eta gorde geroko.

Pasta luzatzeko arrabola erabiliz, luzatu pasta eta joan luzatutako pasta gainean betegarri pilatxoak jartzen. Luzatu pasta gehiago eta pilatxoen gainean jarri ondoren, izkinak busti eta ondo zapaldu. Ondoren, pastak mozteko aro borobil batekin ravioliak moztu.  Egindako ravioliak irineztatutako trapu batean biltzen joan. Gorde gerorako.

Saltsa egiteko, tomateak zuritu eta gero barazki guztiak laukitxotan moztu (tomateak barne).  Zartagin bat olio pixka batekin su bizian jarri eta bertan kuiatxoa eta apioa salteatuko ditugu hainbat  minutuz. Atera zartaginetik eta zartagin berdinean tipula jarriko dugu gorritzen beste olio pixka batekin. Tipula eginda dagoenean, otarrainxkak zurituta eta erditik moztuta gehituko dizkiogu eta bi minutuz egingo ditugu. Jarraian tomatea eta albaka gehituko dizkiogu eta beste minutu pare batez sutan mantenduko ditugu. Apioa eta kuiatxoa gehitu eta gatzez ondu  jarri.  Ravioliak lapiko batean uretan 5 minutuz egosiko ditugu eta jarraian saltsa gainean jarriko ditugu. Ravioliak egosteko erabili dugun uraren burruntzali bete bat gehitu, oliba zorrotada bat bota eta jarraian zerbitzatu egingo ditugu.