lehenengoak
Salda egiteko behar ditugun barazkiak garbitu, zuritu eta jarraian, oiloarekin, txitxirioekin eta zangarrarekin batera lapiko azkarrean jarriko ditugu. 2-3 litro ur hotz gehitu, eta egosten jarriko dugu dena 90 minutuz su motelean.
Bitartean, arropa zaharra egiteko behar ditugun tipula eta berakatza zati txikitan moztu, eta erregosten jarriko ditugu lapiko zabal batetan oliba olio pixka batekin eta su motelean. Antzeko beste lapiko bat hartu, eta bertan piperrada egiteko behar dugun tipula juliana eran erregosten jarriko dugu beste olio apur batekin. Piper berdea juliana eran moztu, eta 5 minutu igarotzen direnean, piperradako tipulari gehituko diogu. Pikillo piperrak ere era berdinean moztu, eta piperradako lapikoara gehitu. Piperradako barazkiak eginda daudenean, tomate saltsa gehitu, eta utzi egiten poliki-poliki su motelean.
Salda eginda dagoenean, iragazi, gaineko koipea kendu eta gorde beste lapiko batean su motelean. Arropa zaharra egiteko, oilo paparra eta 300 g zangar mamurtuko ditugu. Jarraian, dagoeneko ondo erregosita izango ditugun tipulari eta berakatzari piperrautsa eta kuminoa gehituko dizkiegu, dena nahasi, eta segidan tomate saltsa gehituko diogu. Gero, haragiak eta txitxirioak gehituko dizkiogu, eta baita salda egiteko erabili dugun azenarioa ere, laukitxotan moztuta. Salda pixka bat gehitu, eta su motelean utziko dugu dena 15 bat minutuz. Gatz puntuan jarri eta gorde.
Sobratu zaigun zangarra hartu, laukitan moztu edo mamurtu eta piperradari gehituko diogu. Gatz puntuan jarri, eta utzi 10 bat minutu su motelean zapore guztiak batu daitezen.
Zopa egiteko, salda litro bat irakiten jarri, eta orduan fideoak gehituko dizkiogu. Bitartean, arrautza egosiak eta gordetako oilo haragia txikitu, eta fideoak eginda daudenean, zopara gehitu, gatz puntuan jarri, eta zerbitzatu.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa