Itxi

lehenengoak

lehenengoak

Lehenengoak

Barazki lasagna
Barazki lasagna
Osagaiak
  • Lasagna xaflak
  • Mozzarella gazta
  • Ziazerbak, 300 g
  • 8 zerba orri-mami egosi
  • Kuiatxo pare bat
  • 3 arrautza
  • Irina
  • Ekilore olioa
  • Bexamela egiteko:
  • Esnea, 2 l
  • Gurina, 140 g
  • Irina, 140 g
  • Gatza eta piperbeltza
  • Tomate saltsa egiteko:
  • Tomatea, 1 kg
  • Kipula pare bat
  • Oliba olioa, 40 g
  • Azukrea, koilarakada txiki bat
  • Gatza
  • Gainerakoak:
  • Piper gorriak, 600 g
  • Berakatz atal pare bat
  • Oliba-olioa
  • Gatza
Prestaketa

Lehenbizi tomate saltsa jarriko dugu egiten. Horretarako kipula txikitu eta lapiko batean erregosten jarriko dugu oliba olioarekin batera. Kipula erregosi bitartean, tomatea laukitan zatitu edo birrindu eta kipula erdi erregosita dugunean, lapikora gehituko dugu. Ordubetez egiten eta duen ura lurruntzen utzi ondoren, saltsa birrindu egingo dugu eta berriro sutan jarriko dugu bere kolore gorria berreskuratu dezan. Gatza eta azukrea gehitu eta geroko gorde.

Kuiatxoa zerben tamainako xerratan ebaki eta jarraian biak irinetik eta arrautza irabiatutik pasa ondoren, oliotan frijituko ditugu. Sukaldeko paperarekin izango dugun plater batera atera eta geroko gorde.

Lapiko bat urez bete eta su bizian jarriko dugu gatz pixka batekin. Ura irakiten hasten denean, ziazerbak bertan egosi 3 bat minutu eta jarraian ur hotzetan hoztu, ur guztia ondo xukatu eta labanarekin txikituko ditugu. Gorde gero bexamel erdiari gehitzeko.

Bexamela egiteko, esnea lapiko batean berotzen daukagun bitartean, beste lapiko batean gurina urtzen jarriko dugu. Behin urtu zaigula, irina gehitu eta hagaxkarekin gelditu gabe eraginez, biak ondo nahasiko ditugu. Jarraian esne beroa pixkanaka gehitzen joango gara eta dena ondo batu denean, su motelean 15 minutuz irakiten izango dugu bexamela, hagaxkarekin eragin bitartean. Gatzez eta piperbeltzez ondu eta erdia ziazerbekin nahasi. Dena berotan gorde geroko.

Lapiko bat olio zorrotada batekin sutan jarri eta bertan piper gorriak berakatz-atal osoarekin batera erregosi.  

Behin osagai guztiak prest ditugunean, lasagna muntatzen hasiko gara. Labeko erretilu altu bat hartu eta geruzaka horrela muntatuko dugu behetik gora:

-tomate saltsa

-lasagna xaflak

-zerba orri-mamiak

-tomate saltsa

-lasagna xafla

-ziazerba bexamela

-lasagna xafla

-tomate saltsa

-kuiatxoa

-bexamel normal

-piper gorriak

-gazta

Behin dena ondo muntatuta dugula, lehendik 200 ºc-tara berotuta izango dugun labera 30 minutuz sartu eta eginda dagoenean, zerbitzatu.