lehenengoak
Oilasko paparrak gatzez eta piperbeltzez ondu eta hutsean ontziratu ondoren, 20 minutuz 65 ºc-tan egosiko ditugu. Egosita daudenean, ura eta izotza izango dituen katilu batean sartu eta azkar hoztu. Behin hoztu direnean, poltsatik atera eta azalaren aldetik zartagin batean su bizian gorrituko ditugu. Xerratu eta geroko gorde.
Baserriko ogiari mamia atera eta laukitan zatitu. Jarraian, perrexila eta berakatza txikitu eta oliba olioarekin sutan jarriko ditugu berakatza dantzan hasi arte. Orduan, ogi mami laukiei gehitu eta ondo nahasi dena eta labean sartuko ditugu 180 ºc-tan 10 bat minutu txigortu arte. Geroko gorde.
Idiazabal gaztari xerra finak atera patatak zuritzeko gailuarekin eta intxaurrak moztu gustuko tamainan. Urdaiazpiko egosia laukitan moztu. Dena geroko gorde.
Ozpin-olioko osagai guztiak irabiagailuaren ontzian sartu eta dena ondo birrindu.
Behin entsaladako osagai guztiak prest ditugunean, rukula eta ardi-mihi hostoak oinarrian jarri ondoren, entsalada nork bere gustura muntatu eta ozpin-olioa bota.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa