Itxi

lehenengoak

lehenengoak

Lehenengoak

Itsasoz betetako tomate trilogia
Itsasoz betetako tomate trilogia
Osagaiak
  • Tomate ertainak, 6 ale
  • Txitxarroz beteak egiteko:
  • Txitxarroa, 200 g
  • Limoi pare bat
  • Jengibre zati bat
  • Ziapea, koilarakada txiki bat
  • Oliba olio birjina
  • Azukre beltza, koilarakada txiki bat
  • Tipulatx pare bat
  • Antxoaz beteak egiteko:
  • Gazta freskoa (burgos edo mozzarella),80 g
  • Antxoak oliotan, 5 ale
  • Tipulin bat
  • Kaparrondoak, koilarakada txiki bat
  • Oliba beltzak, 40 g (hezur gabe)
  • Piperrauts pixka bat
  • Xerez ozpin tanta batzuk
  • Oregano pixka bat
  • Oliba olio birjina
  • Ganbaz beteak egiteko:
  • Ganbak, 125 g
  • Piper berde txiki bat
  • Tipulin bat
  • Laranja erdiren zukua
  • Maionesa koilarakada pare bat
  • Pikillo saltsa egiteko:
  • Pikillo piperrak, 6 ale
  • Berakatz atal laurden bat
  • Arrautza gorringo bat
  • Oliba olio birjina, 100 g
  • Gatza
Prestaketa

Lehenik eta behin, tomateak hartu eta gainaldean ebaki zirkular bat egin ondoren txapela kenduko diegu. Tomateei koilara baten laguntzarekin barrenak hustu, haziak kendu eta barruko haragia txikitu egingo dugu laban baten laguntzarekin. Geroko gorde.

Txitxarroa lauki txikitan zatitu eta ordu pare bat marinatzen jarriko dugu motrailuan birrinduko dugun jengibre punta batekin, limoi zukuarekin, ziapearekin, azukrearekin, oliba olio txorrotada batekin eta gatz pixka batekin. Prest dagoenean, tipulatxa txikitu eta tomate haragi heren batekin eta arrain marinatuarekin nahasi. Honekin bi tomate bete eta geroko gorde.

Antxoak txiki-txiki zatitu, kaparrondoak ere bai, tipulina dadotan zatitu, oliba beltzak xerratu eta dena ondo nahasi. Jarraian, xerez ozpin pixka batekin, piperrautsarekin eta oliba olio txorrotada batekin ondu eta oregano pixka bat gehitu ondoren, gelditzen zaigun tomate haragi erdiari nahasi eta beste bi tomate bete honekin.

Ganbak egosi eta hoztu ondoren, zuritu eta zati txikitan ebaki. Tipulina eta piper berdea txikitu eta ganbekin nahasi. Maionesa, laranja zukua, tomate haragia eta ganbak barazkiekin ondo nahasi eta gelditzen zaizkigun bi tomateak bete.

Saltsa egiteko, osagai guztiak irabiagailuan birrindu. Plater baten oinarrian saltsa jarri, gainean hiru tomate beteak eta aldamenean entsalada txiki batekin bukatu.