Itxi

lehenengoak

lehenengoak

Lehenengoak

Pikillo piperrak bakailaoz beteta
Pikillo piperrak bakailaoz beteta
Osagaiak
  • Pikillo piperrak
  • Kipula bat
  • Berakatz atal pare bat
  • Bakailao gezatua, 400 g
  • Ogi mamia, 100 g
  • Esne pixka bat, ogia bustitzeko
  • Arrautza gorringo pare bat
  • Perrexil xehatua, koilarakada bat
  • Gatza eta piperbeltza
  • -PIPERRAK ARRAUTZAZTATZEKO:
  • Arrautza pare bat
  • Irina
  • Oliba-olioa
  • -SALTSA EGITEKO:
  • Kipula pare bat
  • Azenario bat
  • Tomate saltsa, 30 g
  • Piper-txorizero haragia, koilarakada txiki bat
  • Perrexila
  • Irina, koilarakada bat
  • Ardo zuria,100 ml
  • Ura edo arrain salda, 250 ml
  • Gatza eta piperbeltza
Prestaketa

Saltsa

Saltsa egiteko behar ditugun kipula eta azenarioa txikitu eta lapiko batean olio pixka batekin erregosten jarri. Kolorea hartzen hasten denean, tomate saltsa, piper txorizero haragia eta perrexila xehetuta gehitu. Beste pare bat minutuz erregosten utzi eta irina gehitu. Nahasi dena eta ardoa gehituko diogu orduan. Irakinaldi bat eman alkohola lurruntzeko eta jarraian arrain saldarekin busti. Irakiten hasten denean, sua jaitsi eta emeki-emeki utzi piperren betegarria prestatu bitartean.

Betegarria

Kipula eta berakatz atala ondo txikitu eta zartagi batean olioarekin erregosten jarri. Kolorea hartzen hasten denean, bakailaoa laukitan zatituta eta azal gabe gehitu. Dena ondo erregosi eta jarraian ogia esnetan bustita gehituko diogu. Minutu batzuk erregosten utzi, ondoren gatzez eta piperbeltzez ondu eta sua itzali ondoren, arrautza gorringoak eta perrexila gehituko dizkiogu.

Amaitzeko

Betegarria epeldu zaigunean, pikillo piperrak bete, irinetik eta arrautzatik pasa eta olio berotan frijitu. Saltsa birrindu eta iragazi eta piperrak bertan sartu. 5 bat minutu su motelean irakiten utzi eta zerbitzatu.