Itxi

Bigarrenak

Bigarrenak

Bigarrenak

Bao ogia begihandiz betea
Bao ogia begihandiz betea
Osagaiak
  • Bao ogia egiteko:
  • Irina, 280 g
  • Legamia freskoa, 15 g
  • Azukrea, 2 koilarakada
  • Gatza, koilarakada txiki erdi
  • Esnea, 120 g
  • Ura, 60 g
  • Ekilore olioa, 30 g
  • Betegarrirako:
  • Begihandi pare bat
  • Lima bat
  • Pipermin bat
  • Oliba-olio birjina, 50 g
  • Tipula bat
  • Porru bat
  • Baratxuri atal pare bat
  • Jengibre zati bat
  • Pattarra, 80 g
  • Maionesa beltza egiteko:
  • Arrautza bat
  • Ozpin zorrotada bat
  • Ekilore olioa, 150 g
  • Tinta sobre bat
  • Berakatz atal bat
  • Errukula hosto batzuk
Prestaketa

Bao ogia

Irina, legamia, azukrea eta gatza katilu batean nahasiko ditugu, jarraian osagai likidoak gehituko dizkiogu (ura, esnea eta olioa) eta ondo landuko ditugu eskuekin, lortutako orea eskuetan itsasten ez den arte. Katilu bat olioz margotu eta bertan sartuko dugu lortutako orea, trapu batekin estali eta bere bolumena biderkatu arte (ordu bat). Orea harrotu ondoren, katilutik atera eta eskuekin pixka bat landuko dugu eta jarraian 4 ataletan banatuko dugu. Bola hauek arrabolarekin pixka bat luzatuko ditugu forma obalatua emanez eta zati bakoitza tamaina bereko labeko paper zati baten gainean jarriko dugu. Zati bakoitzari labeko paper zati bat gainean jarri eta "pac-man" itxura emango diogu. Trapu bat gainean jarri eta beste 30 minutuz harrotzen utzi. Prest daudenean, lurrunetan egosteko gailuaren gainean jarriko ditugu paper eta guzti eta 10 minutuz lurrunetan egosiko ditugu. Sutatik atera eta beste hamar minutu tapa ireki gabe utzi. Atera eta geroko gorde. 

Betegarria

Begihandia garbitu eta ahoan sartzeko moduko tamainan xerratuko dugu. Tipula, porrua eta baratxuria fin xerratu. Wok bat su bizian jarri, olio zorrotada bat bertara bota eta barazkiak erregosten jarriko ditugu. Barazkiak erdi erregosita daudenean, begihandia gehitu eta su bizian salteatuko dugu. Pattarra gehitu eta flanbeatu ondoren,  lima zukua gehitu eta geroko gorde.

Maionesa beltza

Arrautza, baratxuri atal erdi, ozpina eta tinta irabiagailuaren ontzian jarri eta irabiatzen hasiko gara. Pixkanaka olioa gehitzen joango gara eta loditu zaigunean, gatz puntuan jarriko dugu.

Ogitartekoa egin

Bao ogiaren barruan maionesa pixka bat jarri, honen gainean begihandia eta errukula hosto batzuekin bukatuko dugu.