Bigarrenak
Indioilar azpizuna xerratu, eta labeko bi paperen artean jarri ondoren, zartagin batekin jo eta fin-fin utzi. Jarraian intxaurrak, aranpasak, pikuak eta mahaspasak txikituko ditugu. Lortutako xerra bakoitzari gatz eta piperbeltz pixka bat bota ondoren, moussea igurtzi, eta jarraian, txikitu dugun betegarri geruza bat jarriko diogu gainean. Biribilki bat egin, olioz margotu, eta aluminio paperean batuko dugu txorizo itxuran. Xerra guztiekin gauza bera egin ondoren, su gainean jarri ahal den erretilu bat hartu, eta su bizian pixka bat gorritu ondoren, labean sartuko ditugu 200 ºCan 3 minutuz. Atera, aluminio papera kendu, eta berriro labera sartuko ditugu eginda egon arte (8 bat minutu).
Saltsa egiteko, atera plater batera indioilar biribilkiak, eta sutan jarri labeko erretilua. Ardo zuria gehitu erretilu gainean gelditu den sustantzia guztia askatzeko, eta irakinaldi baten ondoren, saltsaren gainerako osagaiak gehitu. Utzi pixka bat murrizten, iragazi eta gorde gerorako.
Purea egiteko patatak garbitu, lapiko batean urarekin eta gatz pixka batekin jarri, eta egosi 30 bat minutuz. Zuritu, birrindu eta jarraian currya eta oliba olioa gehituko dizkiogu egurrezko koilara batekin eragin bitartean. Gatzez eta piperbeltzez ondu eta gorde bero gerorako
Anakardoak ekilore olio berotan frijitu nahiko kurruskari gelditu arte. Ahuakatea laukitxotan moztu.
Platerean aurkezteko, biribilki bat erditik moztuta platerean jarri, aldamenean patata pure pixka bat, anakardo eta ahuakate lauki batzuk platerean zehar eta saltsarekin bukatu.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa