Bigarrenak
Zartagin bat sutan jarri eta bertan txigortu espezia guztiak batera minutu batez. Jarraian, motrailura pasatu, eta bertara gehituko ditugu limoi baten azala eta zukua, jengibrea birrinduta, 3 berakatz-atalak, pipermin freskoa eta gatz pixka bat . Ondo birrinduko dugu dena. Ondoren, jogurta gehitu, ondo nahasi dena eta lortutako krema 5 cm-ko zatitxotan moztuta edukiko ditugun oilasko izterrekin nahasiko dugu. Sukaldeko plastikoarekin bildu eta hozkailuan gorde, gutxienik pare bat orduz.
Saltsa egiteko, txikitu tipula, berakatza eta pipermina, eta lapiko baten jarri erregosten olio pixka batekin. Jarraian, martorriaren zurtoinak txikitu, eta gainerako barazkiei gehitu, eta 20 bat minutuz dena ongi erregosten utziko dugu. Ondoren, kurkuma, piperrautsa eta garam masala gehitu, eta erregosi minutu batez. Arbendol birrindua gehitu, txigortu pixka bat, eta ondoren tomateak txikituta eta ura gehituko dizkiogu. Koko esnea gehitu, eta utzi 20 bat minutu dena erregosten . Gatz puntuan jarri ondoren, gorde geroko.
Atera oilaskoa eta broxetak muntatuko ditugu oilasko atalak, limoi atalak eta pipermin zatiak tartekatuz. Berotu labea 200 ºcan eta bertan erreko ditugu gure broxetak labeko paper gainean 15-20 bat minutuz.
Oilaskoa egin bitartean paratha ogia egingo dugu. Horretarako, katilu batean bi irinak eta gatza nahasiko ditugu, eta pixkanaka likidoak gehitzen joango gara. Minutu batzuez landu ondoren, ore erdi itsaskor bat lotuko dugu. Olioarekin margotu, eta 10 minutu pausatzen utziko dugu plastikoarekin bilduta. Denbora pasatzen denean, bolatxo batzuk aterako ditugu, eta banaka luzatu egingo ditugu talo fin bat lortu arte. Jarraian, talo hori ghee gurinarekin margotu eta akordeoi baten xaflak bailira bilduko dugu. Ondoren, lortutako tutua bildu eta disko baten forma emango diogu. Berriro pixka bat luzatu talo itxura emanez, eta ghee gurinetan edo oliotan frijituko ditugu bi aldeetatik ondo gorrituta geratu arte. Bildu trapu batean, eta gorde gerorako.
Oilaskoa eginda dagoenean, oilasko atalak broxetatik atera, eta saltsara gehituko ditugu. Limoiak eta piperminak gorde garnizio moduan erabiltzeko. Zerbitzatu paratha ogiarekin lagunduta.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa