Bigarrenak
Alde batetik basmati arroza garbitu egingo dugu, ura 4 bat aldiz aldatuz, almidoia kentzeko. Lapiko batean ur hotzarekin jarriko dugu, gatz pixka bat gehitu eta taparekin su ertainean 15 bat minutuz egosiko dugu. Geroko gorde.
Arroza egin bitartean, barazkiak lauki txikitan zatitu eta erregosi egingo ditugu. Lehenengo kipula eta berakatza jarriko ditugu erregosten, su bizian wok erako zartagin batean olio zorroztada batekin. Pare bat minutu pasa ondoren, bi piperrak gehituko dizkiogu eta hauek minutu bat izan ondoren, kuiatxoa gehituko diogu. Barazki guztiak batera beste 3-4 minutu izango ditugu erregosten eta jarraian, curry koilarakada bat eta koko esnea gehituko dizkiogu. Hau dena minutu batean irakiten izan ondoren, basmati arrozarekin nahasi eta erretilu batera pixka bat hozten aterako dugu.
Arroz eta barazki orea epeldutakoan, berarekin pikillo piperrak beteko ditugu. Jarraian, txitxirio irina katilu batera pasa eta pixkanaka ur hotza joango gara gehitzen arrautza irabiatuen testura lortu arte. Orduan, piperrak bertatik pasa eta zartagi batean oliotan frijituko ditugu. Frijituta daudenean, sukaldeko paper gainera aterako ditugu gehiegizko olioa kentzeko eta tomate saltsarekin izango dugun zartagin batera pasako ditugu. Saltsan irakin bat eman ondoren, zerbitzatu.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa