Bigarrenak
Hasteko, perretxiko lehorrak hidratatzen jarriko ditugu. Honetarako, ontzi batean ur beroarekin estaliko ditugu eta gutxienez 30 minutuz utziko ditugu bertan pausatzen.
Jarraian, barazkiak zuritu, eta zatitu egingo ditugu. Nahikoa da xerra finetan moztea.
Aldi berean, katilu batean ogi-mamia esnetan biguntzen jarriko dugu.
Eltze batean barazkiekin saltsa egingo dugu. Horretarako, olioa berotzen jarri eta baratxuria eta tipula erregosten jarriko ditugu, gatz apur batekin.
Jarraian, azenarioa gehituko diogu, eta pare bat minuturen ostean pattarra erantsiko diogu guztiari.
Pattarra lurruntzen den bitartean perretxikoak uretatik aterako ditugu. Perretxikoen ura eltzera botako dugu, haragi-saldarekin batera.
Gatza bota, taparekin estali eta guztia egosten utziko dugu su ertainean.
Bestetik, perretxikoei soberako ura kendu, poliki-poliki eskuekin estutuz, eta labana baten laguntzarekin zatitu.
Labea 200 gradu zentigradutan berotzen jarriko dugu.
Horren ondoren, haragi-bolak egiten hasiko gara. Honetarako, ontzi sakon batean indioilar-haragi xehatua, perretxikoak, baratxuri lehorra, tipula lehorra, perrexil hostoak guraizeekin moztuak, gatza, piperbeltza, arrautza eta ogi-mamia (esnea kenduta) jarriko ditugu. Sardexka batekin bueltak emanez eta zapalduz nahasiko dugu guztia, edo nahiago bada, eskuekin ere egin dezakegu eragiketa bera.
Jarraian, bolatxo formak egin eta ogi arrailan birrineztatuko ditugu.
Labeko erretilu batean bolak jarri banan-banan, eta labeko goiko partean jarriko dugu erretilua indioilar-bolatxoak ahalik eta gehien gorritzeko.
Pausu honetan adi egon behar da, bolatxoak gorritu ahala buelta emateko eta alde guztietatik berdintsu kurruskatzeko.
Indioilar-bolak gorritzen diren bitartean, saltsa birrindu eta iraztontzitik pasatuko dugu. Gorde.
Behin indioilar-bolak gorritzen direnean, erretilua labearen erdiko aldean jarriko dugu eta saltsa botako diegu gainetik. 10-12 minutuz bertan egosten utzi.
Tirabekeei bi aldetatik haria kendu eta garbitu ostean, zartagin batean oliotan salteatuko ditugu. Sua itzalitakoan, gatz ezkatak botako dizkiegu gainetik.
Amaitzeko, platerean indioilar-bolak saltsarekin eta tirabekeak zerbitzatu.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa