Azkenburukoak
Katilu handi bat hartu eta bertan gurina, azukre hautsa, irina eta gatza nahasiko ditugu robotaren edo sardexka baten laguntzarekin. Jarraian, ura eta ozpina gehitu eta eskuekin lantzen hasiko gara ore homogeneo bat izan arte. Banatu orea bi bolatan, sukaldeko plastikoarekin bildu eta hozkailuan gorde gutxienez ordubetez.
Bitartean betegarria prestatzen joango gara, horretarako sagarrak zuritu, haziak kendu eta laukitxotan moztuko ditugu. Jarraian kanela hautsa, azukrea eta banilla estratua gehituko dizkiogu eta ondo nahasiko dugu dena. Zartagin bat su bizian jarriko dugu gurinarekin eta, bero dagoenean, bertan salteatuko ditugu su bizian sagar zatiak urre kolore polit bat hartu arte. Limoi zukua arto almidoiarekin nahasi eta zartaginean dagoenari gehituko diogu. beste 5 minutu kozinatzen utzi, eta atera sutatik.
Hozkailuan gordetako bi boletako bat atera, eta irineztatutako mahai gainean luzatuko dugu 30 cm-ko diametroa izan arte. Tarta molde biribil bat hartu, eta orea gainean jarri ondoren, sardexka batekin zulotxo batzuk egin oreari, aluminio papera gainean jarri eta txitxirioz bete ondoren, labean erreko dugu 180 °C-an 10-15 bat minutuz. Bitartean beste bola era berean luzatuko dugu. Labekoa eginda dagoenean, atera labetik, txitxirioak eta aluminio papera kendu eta sagar betegarriarekin beteko dugu. Beste orea-zatiarekin estali eta honi zulo batzuk egingo dizkiogu labana baten laguntzarekin lurruna atera dadin. Arrautza irabiatuarekin margotu, azukre beltza gainetik bota eta labera sartuko dugu berriro 45 minutuz. Atera eta zerbitzatu chantilly kremarekin lagunduta.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa