Itxi

Azkenburukoak

Azkenburukoak

Azkenburukoak

Erroskillak
Erroskillak
Osagaiak
  • Gozogintzako irina, 500 g
  • Legamia, 16 g
  • Arrautzak, 3
  • Anis pattarra, 30 ml
  • Azukrea, 150 g
  • Ekilore olioa, 70 ml
  • Esnea, 30 ml
  • Gatza
  • ERROSKILLAK FRIJITZEKO
  • Ekilore olioa
  • Laranja ekologiko baten azala
  • ERROSKILLAK BIRRINEZTATZEKO
  • Azukre zuria
  • TXOKOLATE BEROA EGIN
  • Kakao hautsa, 125 g
  • Esnea, 500 ml
  • Azukrea, 60 g
  • Arto almidoia, koilarakadatxo 1
  • Gatza
Prestaketa

1. Erroskillen orea egin.

· Ontzi sakon batean arrautzak eta azukrea hagaxka elektrikoarekin harrotu.

· Olioa, esnea, gatza eta anisa gehitu eta nahasi.

· Irina legamiarekin batera nahasi eta arrautzen nahaskiaren gainean bahetu ahala, koilara baten laguntzarekin guztia ongi integratu.

· Eskuak eta ontzi sakon bat ekilore olioarekin igurtzi, oreari bola forma eman eta ontzian sartu. Trapu batekin edo plastiko filmarekin ontzia estali eta 2 orduz hozkailuan pausatzen utzi.

· Orea hozkailutik atera, paper sulfurizatua ekilore olioarekin margotu eta oreari golfeko piloten tamainako zatiak kendu ondoren, erroskila forma eman. Erroskillak egin ahala, paper sulfurizatuaren gainean utzi.

· Kazo batean ekilore olioa eta laranja azalak berotzen jarri. Prozedura honekin olioak laranja zaporea hartuko du.

· Erroskillak oliotan frijitu. Frijitzeko garaian, lehenik hondoratu egingo dira, eta minututxo baten ostean gora egingo dute. Momentu horretatik aurrera, buelta eman eta bi aldetatik ongi gorritzen diren arte frijitu, barrualdea gordina gelditu ez dadin.

· Egin ahala, sukaldeko paperaren gainera atera gehiegizko oiloa xukatzeko, eta jarraian, azukretan ongi murgildu bi aldetatik, eta erretilu batean zerbitzatu.

 

2. Txokolate beroa egin.

· 50 ml esne baztertu eta gainerakoa kazo batean azukrearekin batera berotu.

· Ongi berotu denean, kakao hautsa gehitu eta desegiten den arte ongi nahasi.

· 50 ml esnetan arto almidoia desegin eta txokolateari gehitu, gatz apur batekin batera.

· Su ertainean txokolatea loditzen den arte mantendu, egurrezko koilararekin edo hagaxka batekin etengabe eraginez.

 

3. Zerbitzatu.

Txokolatea katiluetan banatu eta erroskillak mahai erdira atera.