Azkenburukoak
Pastel-krema
Esnea berotzen jarriko dugu lapiko batean. Bitartean, gorringoak azukrearekin, bi irinekin eta esne hotz pixka batekin nahasiko ditugu. Esnea irakiten hasten denean, arrautza nahasketa gehituko diogu, eta berriro irakin arte adaxka batekin nahasten egongo gara. Utzi 5 minutu irakiten su motelean eta atera hozteko.
Arbendol krema
Gurina eta azukrea katilu batean nahasi, eta ondo harrotu adaxka baten laguntzarekin. Jarraian, arrautzak banan-banan gehitu nahasi bitartean, pattar txorrotada bat bota eta bukatu arbendol irina nahasten.
Aurreko bi kremak nahasi eta kakaoa gehituko dugu. Jarraian, txokolatea urtu eta dena ondo nahasi behar da. Gorde geroko.
'Pithivier'ak
Hostore xafla erdia lore itxurako molde txikiarekin moztuko dugu; beste erdia, berriz, 2 cm handiagoa den moldearekin.
Oinarrian lore txikiak jarriko ditugu, eta hauen gainean, erdi erdian, betegarri pixka bat jarriko dugu pastelgintzako mahuka baten laguntzarekin.
Jarraian, oinarriaren izkinak arrautzarekin margotu eta gainean lore handiak jarriko dizkiegu. Atzamarrekin ertzak ondo itsatsi eta gero, gainetik arrautza irabiatuarekin margotuko ditugu.
Berotu labea 220 °C-tan, eta 20 bat minutuz bertan egin.
Banana eta karamelu saltsa
Azukrearekin eta limoi erdiaren zukuarekin karamelu bat egingo dugu aurrena. Eginda dagoenean, sutatik atera eta ura, eztia eta banana gehituko dizkiogu. Berriro karamelua likidotzen denean, irabiagailuaren ontzian sartu eta ongi birrinduko dugu.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa