Azkenburukoak
Piku lehorrak ardo gozotan 10-12 orduz beratu.
Budinak egin
Labea 150 gradutan berotzen jarri, goitik eta behetik. Pikuak iragazi eta ontzi batean esnearekin birrindu. Jarraian, nahaskia ontzi sakon batera isuri eta arrautza gorringoak, arrautzak, maltitola, banilla esentzia eta gazta krematsua gehitu. Nahaskiari aparra kendu, iragazi eta gorde.
Xilitol karamelua egiteko, kazo batean maltilola eta ura berotzen jarri. Disolbatzen denean, limoi tanta batzuk eta bikarbonatoa erantsi. Karamelatzen den arte sutan utzi, baina kontuz, azkar erre daiteke eta. Azkar batean karameluarekin budin ontzien zola inguratu eta ontziak labeko erretilu sakon batean jarri.
Ontziak budinaren nahaskiarekin bete, eta jarraian, pitxer bat ur erretilura isuri, maria bainua egiteko. 55-60 minutuz labean egosi.
Egiten direnean, labetik atera eta hozten utzi. Guztiz hoztean, hozkailuan gorde.
Pinazi garrapiñatuak egin
Zartagin batean maltitola eta ura berotzen jarri. Ura lurruntzen hasten denean, pinaziak bota eta egurrezko koilara batekin etengabe eragin, maltitola pinazi guztietara iristeko eta hauetara ongi itsasteko.
Kolore ilunik hartu ez dezaten, noizbehinka zartagina sutatik atera eta kanpoan eragin koilararekin. Berriro sutara bueltatu eta karamelatzen jarraitu.
Moka azkarra egin
Kazo batean 100 ml esne-gain, maltitola eta kafe hautsa disolbatu. Ontzi sakon batera isuri, gainontzeko esne-gainarekin nahasi eta izozkailuan sartu ongi hozteko.
Ongi hozten denean, banilla esentzia eta egonkortzailea erantsi eta hagaxka elektrikoarekin harrotu. Gozogile-mahukan sartu eta gorde.
Aurkezpena
Piku lehor budina plateraren erdian zerbitzatu eta alboan tamaina ezberdinetako moka menditxoak egin. Segidan, pinazi garrapiñatuak zabaldu eta menda hostoarekin apaindu.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa