Azkenburukoak
Gailetak egin:
Labea 180 gradutan berotzen jarri, goitik eta behetik. Ogi zaharra xehe-xehe birrindu eta ontzi sakon batera isuri. Azukrea, gurina eta arrautzak beste ontzi batean irabiatu. Nahaskia ogi birrinduari erantsi eta kardamomo hautsa ere gehitu. Guztia ongi integratu arte nahasi. Labeko erretilu bat labe-paperarekin bildu eta gaileten orea bertan banatu, koilara baten laguntzarekin. Bata bestearen artean tartea utzi. 8-10 minutuz laberatu. Atera eta parrila baten gainean hozten utzi.
Mojito krema edo gatzatua egin:
Motrailu batean menda hostoak zanpatu lurrinak ateratzeko. Ron edaria kazo batean berotu, flanbeatu eta murrizten utzi. Segidan, sua itzali, menda hosto zanpatuak gehitu eta infusionatzen utzi. Limoiei zukua atera. Ontzi sakon batean limoi zukua, azukre hautsa eta arto almidoia nahasi. Arrautzaren gorringoak gehitu, ron edaria iragaziz bertara erantsi. Guztia ongi nahasi eta kazo batera isuri ondoren, su motelean eragiteari utzi gabe, loditzen den arte utzi. Loditzen denean sutatik atera eta gurin zatiak erantsi. Ongi nahasi.
Kopak prestatzen hasi:
Kopa bakoitzaren oinarrian gaileta papurtuak zerbitzatu. Honen gainean, mojito gatzatua zerbitzatu.
Merengea egin:
Arrautza zuringoak eta gatz apur bat hagaxka elektrikoekin 4-5 minutuz harrotu ondoren, azukre hautsa pixkanaka erantsiz joan, merengea erabat harrotzen den arte. Egiten denean, gozogintzako mahukan sartu, izardun ahoarekin. Merengearekin kopak apaindu eta sopletearekin merengea gainerre.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa