Itxi

Azkenburukoak

Azkenburukoak

Azkenburukoak

Galleta eta karameluzko txokolatinak
Galleta eta karameluzko txokolatinak
Osagaiak
  • Gozogintzako irina, 200 g
  • Arto almidoia, 30 g
  • Margarina, 120 g
  • Panela azukrea, 60 g
  • Arbendol edaria, 60 ml
  • Banilla estraktua, 1c koilaratxo
  • Gatza, ½ kafe-koilaratxo
  • Karamelua egiteko:
  • Panela azukrea, 50 g
  • Ziropa, 10 g
  • Margarina, 40 g
  • Koko esnea, %22ko gantza duena, 200 ml (terrasana, hau niretzako da)
  • Estaldurarako:
  • Kakahueteak, eskukada bat
  • Txokolate beltza, 300 g
  • Koko olio usain gabetua, 1 koilaratxo
  • Gatz ezkatak
Prestaketa

Lehendabizi koko-esnea hozkailuan gordeko dugu gau osoan, 48 ordu badira askoz hobeto.

Galletak egiten hasiko gara. Horretarako, irina zartaginean arin-arin txigortu, kolorez aldatzen hasten den arte eta hozten utzi. Irin txigortua, almidoia eta gatza ontzi batean nahasi.

Margarina zatitxotan ebaki eta irin-nahasketari gehitu. Ongi oratu (hondar moduko orea egingo zaigu). Pixkanaka edari bejetala eta banila esentzia gehitu, ore homogeneo bat lortu arte. Jarraian ongi estutu bolatxo baten forma emanez. Plastiko filmarekin bildu eta hozkailuan gorde 15-20 minutuz.

Bitarte horretan, labea 180 graduan berotzen jarri.

Orea hozkailutik atera eta irineztatua izango dugun mahaira atera. Arrabolarekin luzatu, 4-5 milimetrokoa izan arte.

Pastak mozteko moldearekin forma eman, kasu honetan laukizuzenak nahi ditugu, eta labeko erretiluan jarri (paper sulfurizatu gainean) elkarren artean tartea utziz.

Laberatu eta 10-12 minutuz egosi. Atera eta parrilla baten gainean hozten utzi.

Ondoren, krema likido begetala edo kokozkoa egingo dugu. Koko esnea hozkailutik atera, lata ireki eta gantza eta ura bereizi direla ikusiko dugu. Kokoaren ura guztiz baztertu (ontziaren behealdean egogongo da) eta gantza ontzi batean jarriko dugu.

Kokoaren gantza hagaxka elektrikoekin harrotzen hasiko gara, potentzia baxuenetik pixkanaka igoz. Izkinetan gelditzen den koko krema mihi baten laguntzarekin bilduko dugu eta potentziarik altuenean harrontzen jarraituko dugu, testura lodi bat lortzen dugun arte.

Jarraian, karamelua egingo dugu. Azukrea eta ziropa kazo batean berotzen jarri eta gorritzen den arte utziko dugu. Kolore marroi argia hartzen duenean, sutatik atera eta margarina gehitu eta ongi nahasiko dugu.

Karamelua koko-kremari gehituko diogu, hari fin baten moduan isuriz eta mugimendu biltzaileen bidez nahasiko dugu.

Dena ongi integratzen denean, hozkailuan sartuko dugu guztiz hozten den arte.

Orduan, karamelu-nahaskia gozogintzako mahuka batean jarri. Gozogintzako mahukaren aho-pieza forma zapalekoa bada askoz hobeto.

Galletatxo bakoitzaren gainean karamelu geruza on bat jarri eta horren gainean kakahuete batzuk. Ondoren, izozkailuan edukiko ditugu 30 minutuz.

Txokolatea eta koko-olio usaingabetua maria-bainuan urtu eta galletei estaldura egingo diegu: labeko erretiluaren gainean labeko parrilla jarriko dugu. Galletak izozkailutik atera eta oinarria txokolatetan busti ahala, parrillaren gainean kokatuko ditugu. Ondoren, txokolate urtua galleten gainetik isuri, guztiak guztiz txokolatez estaltzen diren arte.

Txokolatearen gainetik gatz ezkata batzuk bota daitezke.