Azkenburukoak
Banilla adarra erditik zabaldu eta lapiko batean esnearekin batera berotzen jarriko dugu. Behin irakin duenean, 10 minutu infusionatzen utziko dugu. Bitartean, arrautza gorringoak azukrearekin batera zurituko ditugu hagaxka baten laguntzarekin. Jarraian, esnea iragazi eta arrautzei gehituko diegu. Cointreau-a gehitu eta berriro sutan jarri eta 83 ºC hartzen dituenean, iragazi eta katilu batean izotz artean hoztuko ditugu.
Esne-gaina harrotu eta Cointreau kremarekin batuko dugu. Ondoren, silikonazko molde txikitara pasa eta izozkailuan sartuko ditugu, gutxienez 3-4 orduz.
Ahabiak garbitu eta lapiko batean laranja zukuarekin eta azukrearekin minutu batzuez urritzen jarriko ditugu. Bitartean, torrada egiteko behar dugun arrautza azukrearekin ondo irabiatu eta jarraian esnea gehituko diogu. Brioche ogia lauki zuzenetan ebaki eta esnetan sartuko dugu, noizean behin buelta emanez, ondo busti dadin. Zartagin bat sutan jarri eta bero dagoenean, gurin pixka bat gehitu eta bertan gorrituko ditugu gure brioche torradak, minutu batez alde bakoitzetik.
Platerean torrada bat jarriko dugu, honen gainean koilarakada bat gazta krematsu, horren gainean ahabi batzuk eta bukatzeko izkina batean cointreau soufflea jarriko diogu, kakao hautsa gainetik duela.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa