Itxi

Azkenburukoak

Azkenburukoak

Azkenburukoak

Etxeko donutak
Etxeko donutak
Osagaiak
  • Indarreko irina, 500 g
  • Okindegiko legamia, (freskoa 30 g, lehorra bada 11 g)
  • Esne osoa, 270 ml
  • Azukrea, 80 g
  • Arrautza bat
  • Gurina, 40 g
  • 4 kardamomo ale
  • Banilla, adar erdi
  • Laranja azala
  • Gatza
  • Ekilore-olioa, frijitzeko
  • Estalkirako:
  • Azukre hautsa, 4 koilarakada
  • Txokolate beltza
  • Txokolate zuria
  • Koko-olio usaingabea
Prestaketa

Hasteko, esnea kardamomo aleekin, laranja azalarekin eta banillarekin infusionatuko dugu . Esnea irakiten jarri, espeziak eta azala bota, 3 minutuz egosten eduki eta jarraian sua itzalita eta taparekin esnea hozten den arte sutik kanpo edukiko dugu.

Esne-infusionatua hozten den bitartean, irina ontzi sakon batera bahetuko dugu. Segidan, azukrea, gatza eta legamia gehitu eta arin-arin nahasiko dugu. Jarraian, esne-infusionatua eta arrautza irabiatua gehituko dizkiogu.

Robotaren laguntzarekin edo eskuekin nahaskia oratuko dugu dena ongi integratzen den arte eta bolatxo baten forma emango diogu.

Segidan, bolatxoaren erdian zulo bat egin eta gurina erantsiko diogu. Pazientzia handiz oreak gurin guztia bildu arte oratzen jarraituko dugu, eskuekin mahai gainean edo robotarekin 10 minutuz. Dena integratzen denean, 3 minutuko 3 atsedenaldi emango dizkiogun oratze teknikarekin jarraituko dugu; orea trapu batekin estali eta 3 minutuz egoten utzi, 5 minutuz oratu, eta horrela 3 txandak eta atsedenaldiak bete arte.

Pauso honen ostean, orea ontzi batean sartu eta trapu batekin estali ondoren, ordubetez hartzitzen utziko dugu.

Hartzitze denbora pasatzen denean, eskuak eta mahai gaina olioarekin igurtzi eta orea mahai gainera aterako dugu.

Jarraian, arrabolaren laguntzarekin oreari airea kenduko diogu eta zabaldu egingo dugu. Segidan, molde handi eta txiki baten laguntzarekin donut formatan zatituko dugu orea.

Ateratzen ditugun donutak labeko paperarekin estalia izango dugun erretiluan jarriko ditugu bigarren hartzidura bat emateko.

Donuten tamaina bikoizten denean, ekilore oliotan frijituko ditugu. Olioak ez du oso beroa egon behar, 160 ºC inguruan frijitzea da egokiena. Atera ahala, sukaldeko paperaren gainean jarri olioa xukatzeko.

Hozten diren bitartean, estalkiak egingo ditugu. Txokolate beltza zein zuria maria bainuan urtuko ditugu (banaka) koko olio usaingabe koilarakadatxo batekin.

Bestalde, katilu batean koko olio usaingabe koilarakada bat ipini eta mikrohuin labean urtuko dugu. Segidan, azukre hautsa gehitu eta nahasiko dugu. Hau "glasa” deitzen zaion estalkia izango da.

Bukatzeko, aukeratutako estalkiarekin donutak margotuko ditugu.