Itxi

Azkenburukoak

Azkenburukoak

Azkenburukoak

Lima eta jengibre bizkotxo marmolatua, fruitu gorri infusioarekin eta txokolate zuri aparrarekin
Lima eta jengibre bizkotxo marmolatua, fruitu gorri infusioarekin eta txokolate zuri aparrarekin
Osagaiak
  • Gozogintzako irina, 250 g
  • 4 arrautza
  • Azukrea, 200 g
  • Margarina, 200 g
  • Legamia harrotzailea, 8 g
  • Jengibrea, koilarakadatxo bat
  • Lima hautsa, 15 g
  • Gatza
  • Infusioa egiteko:
  • Marrubiak, 1 kg
  • Fruitu gorriak, 500 g
  • Azukrea, 125 g
  • Aparra egiteko:
  • Esne osoa, 125 g
  • Esne-gaina, 125 g
  • Banilla estraktua
  • Arrautza gorringo bat
  • Txokolate zuria, 75 g
  • Arrautza zuringoa, 50 g
  • Sifoia
Prestaketa

Hasteko, labea aurrez berotzen jarriko dugu, goitik eta behetik, 150 ºC-tan. Jarraian, ontzi batean eta hagaxka baten laguntzarekin, margarina eta azukrea nahasiko ditugu, dena ongi bildu arte. Segidan, arrautzak banan-banan erantsiko dizkogu nahaskiari.

Honen ondoren, irin bahetua, legami harrotzailea eta gatza erantsiko dizkiogu ontzikoari eta astiro-astiro nahasiko dugu.

Bizkotxoaren orea ongi nahasia dugunean, bi ontzitan banatuko dugu eta bati jengibrea erantsiko diogu eta lima besteari. Ontzi bakoitzekoa nahasi eta silikonazko molde laukizuzen batera geruzatan txandakatuz isuriko ditugu biak: lehenik jenjibredun orea eta limaduna jarraian, “s” formak eginez. Segidan, koilaratxo baten heldulekuaren laguntzarekin bidexkak marraztuko ditugu orean.

Ondoren, laberatu eta ordubetez egosiko dugu. Amaitzean, atera eta hozten utzi.

Infusioa egiteko, marrubiak, fruitu gorriak eta azukrea katilu handi batean nahasiko ditugu. Trapu bat gainean jarri eta tapa batekin estaliko dugu. Jarraian katilu hau maria bainuan egosten jarriko dugu, su motelean 90 minutuz. Eginda dagoenean, trapu baten laguntzarekin likidoa gau guztian hozkailuan iragazten utziko dugu.

Txokolate aparra egiteko, esne-gaina, esnea eta banilla lapiko batean berotzen jarriko ditugu. Bitartean gorringoa irabiatu eta, esneak irakin duenean, arrautzari gehituko diogu hagaxkarekin mugitu bitartean. Berriro lapikora pasa eta sutara eramango dugu 83 ºC hartu arte. Orduan, sutatik atera eta txokolate zuria gehituko diogu eta hagaxkarekin ondo nahasiko dugu dena. 10 minutu hozkailuan sartu eta jarraian zuringoak gehitu eta dena iragazi egingo dugu. Ondoren sifoian sartu eta ondo hoztu arte hozkailuan sartuko dugu.

Aurkezpena

Plater sakon baten oinarrian infusioa jarri, honen gainean bizkotxo zati bat eta bukatzeko, bizkotxoaren gainean aparra.