Azkenburukoak
Hasteko, ontzi batean esne-gaina eta kardamomo aleak infusioa egiten jarriko ditugu. Hiru minutuko irakinaldi arin bat eman ostean, sua itzali eta epeltzen utzi behar da. Bien bitartean, labea 150 ºC-tan berotzen jarriko dugu, goitik eta behetik.
Jarraian, ontzi batean jogurtak, infusio egindako esne-gaina, esne kondentsatua, banilla esentzia, bi arrautza oso eta lau gorringo nahasiko ditugu. Irabiagailu baten laguntzarekin dena ongi irabiatuko dugu eta segidan, karameluarekin bainatuak izango ditugun ontzitxoetara isuriko dugu nahaskia.
Bizkotxoa egiteko, ontzi batean jogurta, azukrea, arrautzak eta olioa nahasiko ditugu. Jarraian, irina eta legamia bahetu ahala nahaskiari erantsiko diogu eta amaitzeko, gatza ere botako diogu. Dena ongi nahasten dugunean, silikonazko ontzi batera isuriko dugu.
Budinak eta bizkotxoa biak batera laberatuko ditugu, ordubetez. Egiten direnean, atera eta hozten utzi.
Bien bitartean, mizpirak konfitatuko ditugu. Honetarako, mizpirak garbitu eta hezurra kendu ostean, laurdenetan zatituko ditugu. Eltze batean azukrea, gurina eta mizpirak berotzen jarri eta ordubetez emeki konfitatuko ditugu.
Hornigai guztiak hozten direnean, esne-gaina azukre hautsarekin harrotuko dugu.
Aurkezpena
Kopa baten erdian jogurt-budina jarriko dugu. Budinaren lau aldeetan, laurdenetan esan genezake, bizkotxo zati bat jarriko dugu eta honen gainean mizpira konfitatuak. Bizkotxo eta bizkotxo arteko zirrikituetan, banilla izozki zati bat jarriko dugu. Segidan, dena esne-gain harrotuarekin mendi formako tontortxoa eginez apainduko dugu eta, amaitzeko, gainetik intxaur batzuekin, karamelu hari batekin eta Tolosako zigarrotxoekin apainduko dugu.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa