Itxi

Azkenburukoak

Azkenburukoak

Azkenburukoak

Kafe eta txokolate ijito besoa
Kafe eta txokolate ijito besoa
Osagaiak
  • Bizkotxoa egiteko:
  • 4 arrautza
  • Azukrea, 100 g
  • Irina, 130 g
  • Almibarra egiteko:
  • Azukrea, 100 g
  • Ura, 100 g
  • Laranja pattarra, 50 g
  • Kafe chantilly egiteko:
  • Esne-gaina, 500 g
  • Azukre-hautsa, 100 g
  • Kafe disolbagarria, koilarakada bat (edo norberaren gustura)
  • Banilla hautsa, koilarakada bat
  • Intxaurrak
  • Gaineko txokolate estalkia egiteko:
  • Txokolate beltza, 100 g
  • Esnedun txokolatea, 50 g
  • Gurina, 70 g
  • Esne-gaina, 50 g
Prestaketa

Labea 180 ºC-tan berotzen jarri. Bizkotxoa egiteko behar ditugun 4 arrautzak ondo harrotu azukrearekin batera. Zuritu zaizkigunean, bahetuta izango dugun irina gehituko diogu poliki-poliki eta ondo nahasiko dugu. Gozogile maukan sartu eta labeko paperarekin izango dugun erretilu batean zabalduko dugu, jarraian labean 6-7  minututan egiteko. Eginda dagoenean, berarekin zilindro bat egin bilduta eta geroko gorde.

Almibarreko ura eta azukrea nahasi eta lapiko batean berotzen jarri. Irakiten hasten denean, laranja-pattarra gehitu, sutatik atera eta hozten utzi.

Kafe chantilly-a egiteko, esne-gaina, azukre-hautsa eta banilla hautsa harrotzen jarri. Erdi harrotu zaigunean, kafe disolbagarria gehitu eta harrotzen jarraitu, guk nahi dugun puntua eman arte. Intxaurrak txikitu eta esne-gainarekin nahasi. Hozkailuan gorde.

Bizkotxoa ireki eta almibarrarekin ondo mozkortu. Kafe chantilly geruza bat zabaldu gainean eta ijito-beso itxura emanez bildu.

Bi txokolateak maria bainuan urtu eta behin horrela, sutatik atera eta esne-gaina eta gurina gehitu ondo nahasi bitartean. Txokolate estalkia ijito-besoari gainetik bota eta hozten utzi.