Azkenburukoak
Glas azukre pixka batekin mahai gaina hautseztatu eta hostore xafla gainean ireki, jarraian bere gainean beste azukre pixka bat hautseztatzeko eta arrabolaren laguntzarekin pixka bat luzatzeko. Labeko erretilu batean labeko papera zabaldu eta bertan hostore xaflak jarri. Hostorea nahi den neurrian zatitu, sardexka batekin zulatu dena, gainean beste labeko paper zati jarri eta honen gainean beste labeko erretilu bat jarriko diogu, labean erretzen ari den bitartean igo ez dadin. Labean 200 ºC-tan dugularik, 20 minutuz bertan egingo dugu hostorea. Atera eta geroko gorde.
Pastel-krema egiteko, esnea eta esne-gaina nahasiko ditugu eta hortik 150 g aparte utziko ditugu. Bestea, banilla adarrarekin irakiten jarriko dugu, eta behin irakin duenean, tapa jarri eta 5 minutu infusionatzen utziko dugu. Bitartean, arto almidoia azukrearekin nahasiko dugu eta horri gordetako esnea eta arrautzak eta gorringoak gehituko dizkiogu. Hau dena ongi nahasi ondoren, esne beroa bertara bota eta ongi nahasi. Hau dena sutara pasa eta irakiten jarriko dugu hagaxka batzuekin eragin bitartean. Banilla adarra atera, gurina gehitu, ondo nahasi eta sutatik aterako dugu beste katilu batera pasatuz. Sukaldeko plastikoa gainean pegatua jarri eta gerorako gorde.
Merengea egiteko, ura azukrearekin nahasi eta 126 ºC hartu behar dituen almibar bat egingo dugu. Bitartean, zuringoak beste azukrearekin nahasi eta harrotzen jarriko ditugu. Behin almibarra puntuan dugula, zuringo harrotuei gehitzen joango gara txorro fin batez eta hauei hagaxkarekin eragiten jarraitzen dugun bitartean. Hozten utzi eta gerorako gorde.
Gurin krema egiteko, 105 ºC izango dituen almibar bat prestatuko dugu urarekin eta azukrearekin. Jarraian, katilu batean gorringoak jarriko ditugu eta hauei almibarra gehitzen joango gara hari fin batez, gorringoak hagaxkarekin nahasi bitartean. Gorringo eta almibar nahasketa hoztu zaigunean, pomada eran izango dugun gurinarekin nahasi. Geroko gorde.
Hostopilaren muntaketa egiteko, behean hostore xafla bat jarriko dugu, honen gainean pastel-krema geruza bat, berriro ere hostore xafla bat, gero merenge geruza bat, berriro ere hostorea eta bukatzeko, gainean gurin geruza, glas azukrea edo marmelada erabili dezakegu.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa