Itxi

Azkenburukoak

Azkenburukoak

Azkenburukoak

Mahaspasadun tritordeum opilak
Mahaspasadun tritordeum opilak
Osagaiak
  • AURRE-HARTZIDURARAKO OSAGAIAK:
  • Tritordeum irina, 100 g
  • Okindegiko legamia lehorra, 3 g
  • Behi-esne freskoa (epela), 100 ml
  • Azukrea, goilarakada bat
  • ORERAKO OSAGAIAK:
  • 2 arrautza
  • Tritordeum, 400 g
  • Okindegiko legamia lehorra, 4 g
  • Azukre zuri fina, 90 g
  • Behi-esne freskoa, 150 ml
  • Gurina, 80 g
  • Mahaspasak, 70 g
  • Gatza
  • OPILAK MARGOTZEKO:
  • Arrautza bat
  • Azukrez zuria, 4 goilarakada
  • Ura, 2 goilarakada txiki
Prestaketa

Aurre-hartzitua egingo dugu lehenik. Kontuan izan esnearen tenperaturak epela izan behar duela, beraz, emeki berotuko dugu.

100 g tritordeum irin, esnea, azukrea eta okindegiko legamia ontzi sakon batera isuriko ditugu.

Jarraian, guztia mihi batekin nahasiko dugu buelta batzuk emanez eta ontzia plastiko filmarekin estaliko dugu. Ordutxo bat bere horretan utziko dugu burbuilatxoak medio, tamaina bikoizten duen arte.

Ordubete pasa denean, opilen orea egiten hasiko gara. Horretarako, ontzi sakon batean aurre-hartzitua ipiniko dugu eta gainean osagai lehorrak erantsiko dizkiogu; tritordium irina, okindegiko legamia, azukrea, gatza eta mahaspasak. Nahi izanez gero, txokolate zatiak bota daitezke mahaspen ordez.

Jarraian, osagai lehorren erdian eskuarekin edo mihi batekin zulotxo bat egingo dugu eta kanpoko tenperaturan izango dugun esnea isuriko dugu bertara.

Osagai likidoekin jarraituz, katilu batean bi arrautza irabiatuko ditugu eta hau gainontzeko osagaien gainera botako dugu.

Gurina kanpoko tenperaturan mantenduko dugu oraindik, bere txanda izateko apur bat falta baitzaio.

Ontzira isuri ditugun gainontzeko osagai guztiak nahasteko ordua da. Hasiera batean mihiaren laguntzarekin dena bildu dezakegu, bestela, eskuekin ere egin dezakegu. Kontu izan ontziaren hormetan ezer itsatsirik ez uztea. Ahal bezala dena barreiatu erdira, ore trinko bat lortu arte. Behin orea trinkotu denean, mahai gainera aterako dugu eta trapu batekin estali eta 5 minutu egoten utziko dugu.

Denbora amaitu denean, dadotxotan zatituta izango dugun gurina erantsiko diogu alde guztietatik eta poliki-poliki eskuekin orea lantzen hasiko gara. Momentu hau nahiko moldagaitza izan ohi da, trinkoa zegoen orea desegin egingo delako; lasai, minutu batzuk oratu ostean, aurreko sendotasuna hartuko baitu berriro.

Oreak gurin osoa ongi hartu duenean, 5-7 minutuko 3 saio emango dizkiogu, hau da, 5-7 minutuz oretu ondoren 3 minutuz trapu batekin estalita edukiko dugu, prozedura bera jarraian 3 aldiz eginez.

Jarraian oreari biribil forma eman eta aurrez irineztatua izango dugun ontzi sakon batean sartuko dugu bi-hiru orduz egoten uzteko. Hori bai, trapu batekin edo film plastikoarekin tapatuko dugu ontzia.

Hartziduraren denbora pasa ostean, mahai gaina arin-arin irineztatuko dugu eta eskuak olio apur batekin igurtziko ditugu orea mahai gainera ateratzeko. Momentu honetan ez dugu orea landuko, astiro-astiro bildu zaion airea kendu besterik ez diogu egingo.

Jarraian, laban baten laguntzarekin oreari zatiak moztuko dizkiogu eta zatitxo hauei hauei opil forma (biribila) emango diegu (denak berdinak egin nahiko bagenitu, pisuaren laguntzarekin egingo genuke; 60 gramoko zatitxoak eginez).

Labeko erreteiluan labeko papera ipiniko dugu opiltxoak bertan uzteko, bata bestearen ondoan tartea utziz. Jarraian, hartzidurako pausarako, sukaldeko trapuarekin estaliko ditugu eta gelako tenperaturaren arabera, 1-2 orduz mantenduko ditugu bere horretan.

Hartziduraren pausaldia pasa ondoren, labea berotzen jarriko dugu goitik eta behetik, 200 ºC-tan.

Jarraian, azukre bustia egingo dugu; edalontzi batean 4 koilarakada azukre ipiniko ditugu eta 2 koilaratxo txiki ur. Dena nahasi eta gorde.

Opilengana itzuliz, katilu batean arrautza bat irabiatuko dugu eta pintzelaren laguntzarekin kontu handiz opilak banan-banan margotuko ditugu. Honen ondoren, laban baten laguntzarekin ebaki bana egingo diegu opiltxoei, goitik beherainokoa. Ebakiaren luzeera osoan azukre bustia jarriko dugu koilaratxo baten laguntzarekin.

Bukatzeko, opilak laberatuko ditugu, 12-13 minutuz edo gorritu diren arte.

Oharra: azpialdetik hezetasuna saihesteko opilak labetik atera bezain azkar parrilla baten gainean jarriko ditugu.