Tribuaren Berbak
Elkarrizketa
Kike Amonarriz: 'Argia saria guretzat tribuaren saria da'
G.U.
"Tribuaren Berbak" saioaren zuzendari eta aurkezleak elkarrizketan adierazi digunez, pozik eta harro daude egindako lanarekin, baita izandako harrerarekin ere.
ETBko 'Tribuaren Berbak' saioak Telebistako Argia saria jaso du, eta horren harira, Kike Amonarriz saioaren zuzendaria elkarrizketatu dugu. Argia saria irabazteak zituzten aurreikuspen guztiak hautsi dituela adierazi digu.
-Argia saria "Tribuaren Berbak" saioarentzat. Zorionak! Pozik eta harro egongo zarete ezta?
Milesker! Bai, noski! Lehen atala osatu genuenean pozik eta harro geunden egindako lanarekin, baina telebista bezalako medio batean beti zaude zalantzan ea zuk egin duzun horrek zer nolako harrera izango duen eta ea jendearen gustukoa izango ote den. Lehen astetako kritikak eta audientzia-datuak oso onak izan ziren eta aitortu behar dugu oso pozik geundela izandako harrerarengatik. Eta pentsa dezakezuenez, 12 atal emitituta Argia saria irabazteak genituen aurreikuspen guztiak hautsi ditu.
-Zer esan nahi du zuentzat Argia saria eskuratzeak?
Egindako lanaren aitortza da, eta oso aitortza gertua gainera. "Tribuaren berbak" da gure saioa eta Argia saria guretzat "tribuaren" saria da. Eta hori oso garrantzitsua eta hunkigarria da.
-Ibilbide laburra du oraindik saioak, 2013 amaieran hasi baitzineten, baina oihartzun handia izaten ari da. Espero zenuten halako harrera beroa?
Telebista programa bat egiten duzunean, zure ilusioa ahalik eta jende gehienarengana iristea da. Are gehiago, lan-talde osoak ahalegin handia egin duenean programa horren alde. Baina gure kasuan, kontziente ginen, azken batean, euskararen inguruko erreportaje programa bat ari ginela egiten eta era horretako programa batek prime-time ordutegian funtzionatzea eta jende askorengana heltzea ez zela erraza. Eta horretaz gain, garbi geneukan, euskara bezalako gai sentsible bat jorratzeak, era askotako errakzioak izan zitzakeela.
Horregatik, programak funtzionatuko zuela pentsatzen bagenuen ere, ez genuen espero lortutako oihartzuna eta programaren inguruan jaso dugun onarpen zabala.
Eta hori lehen momentutik jaso izana oso lagungarria izan da lan-taldean lanean ilusioz jarraitzeko.
-Zein da "Tribuaren Berbak" saioaren arrakastaren giltza?
Batetik, lan-taldearen kalitatea nabarmenduko nuke, kalitate humano eta profesionala. Eta lan-taldeak programa egiterakoan jartzen duen ilusioa.
Horrekin batera, ordu erdiko programa izanik, programaren erritmoa eta bizitasuna, tonu alai, baikor eta motibagarria, erabiltzen den hizkera ulergarri eta dibulgatiboa, gidoi landua eta erabiltzen diren irudien erakargarritasuna, elkarrizketatuen maila eta interesa, gai eta eduki batzuk sortzen duten harridura, grafismoa eta errealizazioa, musika..
Nik uste, euskara eta hizkuntzak jende askori interesatzen zaizkion gaiak direla, baina "prime-time" orduko programa batek interesgarria bezain entretenigarria izan behar duela… Hori lortzen saiatzen gara.
-Tribu anitza osatzen ari zarete dagoeneko, ezta?
Bada, bai. Anitza eta zabala. Programan euskaldunen aniztasuna islatzen saiatzen gara. Gure tribua oso zabala da, eta euskara da denok elkartzen gaituen elementua. Nik uste, erakusten dugun aniztasun hori bera oso erakargarria suertatzen dela. Gainera, astero gai desberdin baten inguruan aritzeak eta jende desberdina erakusteak asko laguntzen du gure "tribuaren" zabaltasuna erakusten.
-Amaitzeko, Kike, gonbida ezazu jendea zuen saioa asteazkenero ikustera...
Ikusi dutenek diotenez, entretenitu egin dira, dibertitu, harritu, zerbait berria ikasi dute beti, hizkuntzarekiko motibatu eta ilusionatu egin dira, emozionatu, euskara hobetzeko edo praktikatzeko ideiak jaso dituzte, umorea hobetu zaie eta bateren batek zioenez, hobeto egin du lo… Oraindik ikusi ez baduzu… zeren zain zaude?