Itxi

Teknopolis

Teknopolis

Teknopolis

ETB1en eta ETB2n

Garuna, hizkuntza eta hezkuntza, asteburu honetan "Teknopolis" saioan

EITB Media

Zer gertatzen da haur txikien garunetan? Babylab proiektuak izango dituzte saioan mintzagai, oraindik hitz egiten ez duten haur txikiekin egiten dituzten ikerketak.

  • Haur txikiekin egindako ikerketaren irudia.

    Haur txikiekin egindako ikerketaren irudia. Elhuyar Fundazioa

Asteburu honetako "Teknopolis" saioan bi haur txiki izango dira protagonista nagusiak: Paule eta Aiheko. Izan ere, BCBL zentroan garunari erreparatzen diote hizkuntza ikertzeko, eta hizkuntzak ikasten onenak haur txikiak dira, zalantzarik gabe. Horregatik Babylab proiektuetan oraindik hitz egiten ez duten haur txikiekin egiten dute ikerketa. Zer gertatzen ote da haur horien garunetan?

Hizkuntzak ikasteko erraztasun handia duen jendea biral egin izan da sarean, eta horietako batzuk ere ezagutuko dituzte aste honetako programan.

Egoera berrietara egokitzea gure garunaren gaitasunetako bat da, eta ikasleen egokitzeko gaitasunaz ere aritu dira "Teknopolis" saioan. Izan ere, industriaren 4. iraultza enpresa txiki zein handietara iritsi da, eta aldaketa horrek eragin zuzena izan du Lanbide Heziketan. Ikasleek egoera eta ingurune berrietan lan egiteko gai izan behar dute eta Tknikak, Euskadiko Lanbide Heziketaren Ikerketa Aplikatuko Zentroak, baliabide berritzaileak prestatzen ditu ikastetxe eta irakasleekin elkarlanean. Zarauzko Oteiza Lizeo Politeknikoan egiten ari diren lana ezagutuko du "Teknopolis" saioako lantaldeak.

"Teknopolis" saioa larunbatean eskainiko da, 13:30ean, ETB1en; eta igandean, 12:15ean, ETB2n. Bi emanaldiak eitb.eus-en ere jarraitu ahalko dira.