Teknopolis
ETB1en eta ETB2n
Asteburuan ekingo dio 22. denboraldiari 'Teknopolis'ek
EiTB
Berrikuntzaz beteta dator zientzia eta teknologiari buruzko saioa.
-
'Teknopolis' saioaren taldea, aurkezpenean. Uridua: EiTB
Astelehen honetan (irailak 23) aurkeztu da 'Teknopolis' zientzia eta teknologiari buruzko saioaren denboraldi berria. Hain zuzen, asteburuan abiatuko da, ETB1en eta ETB2n, bietan ordu berean: 13:30ean.
Zientzia eta teknologia eguneroko bizitzaren zirrikitu guztietan aurki ditzakegula erakusteko asmoa du Elhuyarrek eta ETBk elkarrekin ekoizten duten saio honek.
Iñaki Leturia Yurrita izango da aurten ere aurkezlea, eta, lehengo kazetariekin batera, kide berriak ere arituko dira saioan. Zuzendariak, berriz, Nagore Rementeria Argote eta Leturia bera izango dira.
Prentsaurrekoan Leturiak azaldu duenez, lifting bat egin diote saioari, eta gaztetuta eta itxura berrituarekin dator. Kolore biziz jantzita, erritmoaren eta sakontasunaren arteko oreka bilatzen dute lantzen dituzten gaietan. Horren adibide dira datozen saioetan landuko dituzten gaiak: garagardogintza munduko berritasunak, Arabako dinosauroak, saguzarren bila Alkizan eta suteen detektibeak.
Erreportajeez gain, atal berezituak ere izango ditu saioak; Atariko proban, esaterako, ikertzaileak gertutik ezagutzeko aukera izango du ikusleak.
Aurkezpena Elhuyar Fundazioaren egoitzan egin dute. Jon Abril Olaetxea Elhuyarreko zuzendariak ETBk urtez urte emandako babesa eskertu du: “Garai hauetan, ez da erraza saio batek telebistan irautea, eta 'Teknopolis'-ek 22. edizioa du dagoeneko”. Bestalde, saioaren balioak nabarmendu ditu, bereziki, emakume zientzialari eta teknologoei ematen dien ikusgarritasuna. “Hain eremu maskulinizatuan, beharrezkoa da ikuspegi feminista eta emakumeei lekua ematea”.
Amaia Esquisabel Alegría Eusko Jaurlaritzako Zientzia Politikarako zuzendariak, berriz, hezkuntzan eta gizarteratzean jarri du azpimarra. Haren esanetan, Jaurlaritzak “ahalegin berezia egiten du zientzia, teknologia eta berrikuntza gizarteratzen”, eta, besteak beste, 'Teknopolis' saioari emandako babesa da horren erakusgarri.
Xabier Aurrekoetxea Basañez ETB1eko programen zuzendariordeak, bere aldetik, 'Teknopolis' saioaren erronka kualitatiboa ez ezik, “kuantitatiboa” ere aipatu du. Azken denboraldian, “nabarmen” igo da ikusleen kopurua, eta aurten ere koska bat gehiago igotzeko gogor lan egitera animatu du lantaldea.
Bukatzeko, 'Teknopolis'en edizio berrian babesle eta lankide diren erakundeei eskerrak eman dizkie Abrilek, saioari ematen dioten laguntzarengatik: EiTB, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila eta Hezkuntza Saila, Euskal Herriko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, TKNIKA Lanbide Heziketari aplikatutako ikerketa eta berrikuntzako zentroa, Euskal Energiaren Erakundea eta FECYT Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioa.