Itxi

Sukaldaria

Sukaldaria

Sukaldaria

22:00etan

Asteasun izango da Joseba Arguiñano gaur gaueko 'Sukaldaria' saioan

EiTB

Atxagaren Obaba lurraldearen sorburua ezagutuko du.

0:32
Joseba Arguiñano Asteasun

Ostegun honetan, Asteasu izango da 'Sukaldaria' saioaren protagonista. Hernio mendiaren magalean dago kokatuta, Tolosaldean, eta fikziozko Obaba lurraldearen sorburua da. Joseba Arguiñano bertako kaleetan barrena ibiliko da, inguruak miatzen eta bizilagunen istorioak jasotzen.

Iñaki eta Oihan Tolosaren arrantxoan egingo dugu lehen geldialdia. Aita-semeek urte asko daramatzate zaldi gainean, gurean ezezaguna den modalitate batean lehiatzen: western formatuan. Eta gure sukaldariari gauzak probatzea gustatzen zaionez, cowboy baten antzera ibiliko da zaldi gainean, diziplina horretako hainbat ariketa egiten.

Zaldiak utzita, behitegi batera joango gara, Mikel Arteagaren Bulano baserrira. Bertan, lanean jarriko dugu Joseba. Behiak jetzi, eta Natillak prestatuko ditu bildutako esnearekin. Gainera, Joxe Aizpurua ferratzailea joango da baserrira, errenka dabilen behi bati ferra jartzera.

Joseba Otegi artzainaren artaldea gidatuko du Josebak, eta gaztandegian egiten duten esnekirik bereziena ezagutuko dugu: Gaxure gazur krema. Produktu berritzailea da, eta lau urteko ikerketa lanaren ostean sortu dute. Nutrienteetan oso aberatsa da, eta ekoizpen prozesua nolakoa den ikusiko du sukaldariak.

Mikel Alkorta segalariarekin entrenatuko da Arguiñano, eta, ondoren, semearen aurka arituko da, Auritz Alkorta segalari gaztearen kontra. Nork irabaziko du? Dena den, argi dago indarberritzeko bazkari ederra egingo dutela Alfredo Aranbururen Otardi landetxean. Alfredo Mikelen koinatua da, eta Asteasun tipikoa den ardi zezina prestatzen onena omen da.

'Sukaldaria' ostegunean izango da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en, 22:00etan.